Ez dakit zelan gertatu den. Duela tarte bat astero egiten genuen berba: memeak bidaltzen genizkion elkarri, bestea eguneratzen genuen gure proiektuen egoerari dagokionez. Batzuetan mezua bidali eta segituan erantzuten zidan, eta tarte batez jarraitzen genuen hala, benetako elkarrizketa baten antzeko zerbait elikatzen.
Etorri zen azterketa-garaia, ordea, eta mezu gehienak gaueraino zabaldu barik uzten hasi nintzen. Albiste txar hura izan zuen berak. Zelan ote zegoen galdetzen nionean zintzo esaten zidan ondo ezetz, eta nik tarte luzea hartzen nuen erantzuteko, lanpetuta egoteaz gain larregi iruditzen zitzaidalako «ahalko banu besarkada emango nizuke» idaztea, nahiz eta hala den: laguna parean banu, emango nioke besarkada. Horren ordez, baina, tekla hauetan sartu behar dut esan nahiko nukeena, eta bizkarrean nabari dut nola egin ez jakitearen zama, beldurrari aurre egin eta behingoz erantzuten diodan arte.
Orain astebete bidali nion azkenengo mezua, erantzuteko egun batzuk hartu ostean. Bueltakorik ez dut jaso. Igual haserre dago lehengo maiztasunez berba egiteari utzi niolako. Edo arduragabetzat nauka laguntza behar zuen garaian ez egotearren.
Elkarrizketan gora egin eta tonuak, ñabardurak, zentzu gordeak topatzen saiatu naiz mezu zaharretan. Aldiro bururatzen zaizkit hainbat aukera; bizitzen ari naizena nik idatzi beharreko fikzioa balitz lez, eta ingurukoak interpreta ditzadan sortutako pertsonaiak. Bi dimentsiotako argazkiak.
Ikasturte honetan Euskal Herritik kanpo bizi izan naiz. Aurretik nituen harremanak distantziak zeharkatu ditu, zeinak, egungo legeei jarraituz, oro har online gertatzera eraman baititu. Hala, mezuak ailegatzen zaizkit galdetuz ea zelan doan nire bizitza Frantziako beste puntan. Lehenengo hilabeteetan asko ziren, orain gutxiago. Gehienak antzera baten erantzuten ditut, eta txarto sentitzen naiz iruditzen zaidalako pantailaren beste aldekoa ohartuko dela mezua aurreko elkarrizketatik kopiatutakoa izan litekeela, nahiz eta hala izan ez. Galdetzen diet ea haiek zelan, eta batzuek erantzuten didate eta beste batzuek ez, eta gehienetan ez zait axola ez erantzutea, baina gutxi batzuetan axola zait, jakin nahiko nukeelako zelan dagoen bestea edo faltan hartzen ditudalako tarteka lotzen gintuzten hitzak, keinuak. Edo astebete beranduago erantzuten didate eta harrezkero ez dakit zertaz ari ginen berbetan, eta orduan ni naiz erantzuten ez duena, edo mezu generikoren bat bidaltzen duena interakzioa hor geratuko delakoan, edo sticker bat. Eskerrak stickerrei.
Goiz batzuetan lagunen batekin akordatu eta kuku-mezua botatzen diot, baina erantzuten didanerako arratsaldea da eta kalean nago eta ezin dut audioa entzun. Gero etxera joan eta nekatuegi egongo naiz ganoraz erantzuteko, eta hurrengo goiza astelehen lanpetua izango da, eta hala moduz bueltatuko dut audioa zereginen bat egitera bidean noala, autoen eta pausoen hots nahasiekin atzealdean. Edo ez.
42. 42 elkarrizketa ei ditut erdizka mezularitza-aplikazioko biribiltxoaren arabera, erantzunaren zain. Hurbileko lagunak, senideak, ezagunak, ahaztutako lan-proposamenen bat. Irudikatzen ditut 42 lagun ilara batean niri parez pare, eta haien keinuek diote susmatzen dutela zipitzik ere inporta ez zaizkidala, ez dakidala harremanak zaintzen. Eta noski ez dutela halakorik uste; nik bidalitako mezuak ere geratzen dira erantzun barik, eta ahaztu egiten zaizkit gehienetan. Baina gutxi batzuetan ezin dut saihestu isiluneei pisu handiegia ematea, edo mezuen tonuetan zirrikitu ilunak topatzea. Eta baliteke batzuetan zirrikituok errealak izatea, pantailaz bestaldekoak izatea esan gura didan baina idazten ez dakien zerbait. Aurrez aurre bageunde begiradarekin, tonuarekin edo esku-keinu batekin esango lidakeena.
Baliteke belaunaldi zaharragoetakook gai izatea hezur-haragizko pertsonak eta sarean hartzen ditugun izaerak bereizteko, baina uste dut biekin hazi izan garenotako askok ahaztu egiten dugula batetik bestera giza hartu-emanen zenbat dimentsio galtzen diren. Niri harridura adierazten didan emotikonoa haserrearekin lot dezakezu zuk, eta hortik hasita zabaltzen den gaizki-ulertuetarako tartea imajinaezina da: nola jakingo dugu zer dagoen bestearen berben atzean, nondik eta nola ari zaigun jakin barik? Testuinguruak emandako informazio guztia galtzen dugu, halako moduz non esan nahi ez ditugun gauzak ematen baititugu aditzera. Eta okerragoa dena: inoiz baino konektatuago gaudela uste dugu.
WhatsAppen logoa nekeak, erruak eta antsietateak zeharkatuta agertzen da nire buruan, eta ez dut uste hala bizi duen bakarra naizenik. Eta badakit nire mezuek ere eragin dizkietela antzeko sentsazioak besteei. Ez diot hau WhatsAppez komunikatzeari utz diezaiogun —gaur-gaurkoz badakit ez dela erreala. Agian gogorarazpena baino ez da, lehenengo eta behin neure buruarekikoa, ahantz ez dezadan hemen konektatuta egoteak beste gauza askorekiko deskonexioa dakarrela harekin: tartean, komunikatzeko behar luketen bitartekoetan, inkomunikazioa.