Leire Vargas

Keinuen praxia

2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Egin dezagun bingoan. Gertatu zaizu inoiz astero bileretan ikusten duzun kidea kalean gurutzatu eta agurtu ere apenas egitea? Agian, inguruaren eta unearen arabera, hitz egitera hurbilduko zaizu, edo justu-justuan egingo dizu begiratua. Seguruenik izango da, asanbladetan ere, zure iradokizunak entzungo ez balitu legez egiten duenik. Eta zenbat aldiz sentitu zara epaitua inguru sozial ezkertiarretan itxuraz gehiengoaren ikuspegi edo zaletasunekin guztiz bat ez datorren iruzkinen bat egitearren? Bingoa beharrean talde terapia ere izan daiteke. Jaso eskua gaueko ordu txikietan zurekin aspaldiko topo egiteaz hainbeste pozten den lagunen bati zure aurpegia magikoki ahazten bazaio eguzkia atera orduko. Gauren batean mihia zure eztarrian behera sartzeko interesa ere erakutsi badu, tori txikipuntua.

Noski, esajeratzen ari naiz. Exageratzen ari naiz, ezta? Edo baliteke barneratuak ditugun jokabideak paperean idatzita ikusteak errealago —eta problematikoago— bilakatzea. Baina esan egia: hau bingoa balitz, izango zenuke gelaxkaren bat edo beste ixaz markatuta. Ezezkoan bazaude, apustu egingo dut eskala sozialaren goi samarrean egon ohi zarela. Edo hartu-eman hauen beste aldean egon ohi direnetakoa zarela zu.

Adi, ez nabil edozein inguruz. Gure inguru politizatu, kontzientziadun, iraultzaileez ari naiz. Egiteko modu desberdinak aldarrikatzen dituzten eremuez, eraldaketarako ari omen diren horiez. Hainbeste asanblada eta bilera eta ekimenen artean, litekeena delako eraitsi nahi dugun horrek gure harremantzeko modua goitik behera bustitzen segi dezan utzi izana. Ulertzekoa da; gizarte honetan hezi gara denok ere, finean. Baina horrek ez du esan nahi institutuko jolastokiko dinamikak erreproduzitzen jarraitzea onartu behar dugunik.

DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

Gertakari sozial orok du bere testuingurua eta ez naiz hasiko inori atzamarrez ezer leporatzen. Egun batzuetan nekatuta gaude, edo triste, edo dena delakoagatik nahasiegi ondokoari erreparatzeko. Ez naiz horretaz ari. Izan ere, hauek ez dira oso noizean behin gertatzen diren gauzak. Ez. Kontu hauek normaltzat ditugu. Eta zer egin behar da zure izen-abizenak, edari kuttuna eta ametsetako oporraldia ezagutzen dituela ondo dakizun pertsonak zure agurra entzun eta, hara, beste norbaitentzat dela pentsatzen duenean? Zu ere amnesia-kolpeak hartu zaituelako itxurak egin? Zergatik da ohikoagoa diskurtso jakinekin era agerikoan guztiz bat ez datorren edozer bota duenari inozoa balitz lez begiratzea, elkarrizketarako bidea zabaldu ordez? Non dago erratzeko tartea? Eta non gauzak birpentsatzekoa?

Zaintzaz predikatzen eta interdependentzia ikusarazten ematen dugu eguna, baina gure jokabide askok erakusten dute ahuldadetzat ditugula oraindik ere besteenganako beharra eta ardura. Edo, behintzat, beste jakin batzuenganakoa. Denok ere oso kontzientziatuta egon arren, bileren, bazkarien eta festaren joko-zelaian nekez dugulako guztiok balio berbera, ez da hala? Hemen ere ez dira ezabatzen gure jatorria, gure itxura, gure berbetako era eta ibilbidea. Diskurtsoa barnera daiteke, baina lan handiagoa eskatzen du egoteko modua aldatzeak.

Eta ez, ez gara guztiok lagunik onenak izango, ezta gutxiago ere. Bakoitzak baditu bere moduak eta bere heziketa eta argi dago ez dagoela besteekin harremantzeko formula matematikorik. Baina denak ez du balio. Ez du balio oinarrizko begirune falta guztiz normalizatuta egoteak. Ez, behintzat, hartu-eman sozial normatiboen eraldaketan sinesten badugu. Hierarkia sozialak eraitsi nahi baditugu. Izan ere, azalekoak izan daitezkeen gauzak dira aipatu ditudanak, baina bidea ematen diote botere-harreman eta dinamika mingarrien sorta oso bati. Nola sortuko ditugu espazio seguruak, ez badiogu ondokoari haren ongizatea, urrunetik bada ere, inporta zaigunik sentiarazten?

Eguneroko keinuek dagoenik eta gauza ezdeusena eman dezakete. Zer da begirada bat, edo berba bat? Gauza txiki, iragankorragorik. Eta, hala ere, behar bezala deklinatuta, azala zeharkatu eta barruan iltza dakigukeen biolentzia eraman dezakete aldean. Gehienok badakigu zer den mespretxua keinu txikienetan jasotzea. Kuirra izatearren, euskalduna izatearren, edertasun-kanonetan ez kabitzearren, klase soziala dela eta. Baina badakigu zer den kontrakoa ere. Irribarre bat, laztanak, ahots-tonu epela. Badakigu zenbat eman daitekeen irribarre arinenean. Eta, halakoen faltan hezi bagaituzte ere, badago ikasterik.

Hotza eta krudela da hor kanpoko mundua. Ez al diogu elkarri, une batez bada ere, etxe baten goxotasuna eskaini nahi?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.