«Zure liburu berria ez da aurrekoengandik oso desberdina» diotso The New York Times-eko elkarrizketatzaileak Sally Rooneyri. «Ematen du posible litzatekeela aurreko liburuetako pertsonaia bat honetan agertzea. Bururatu al zaizu inoiz beharbada zure liburuak elkarren antzekoegiak direla? Eta uste duzu balitekeela etorkizunean zure idazteko modua aldatzea?».
Egia da, Rooneyren nobeletako pertsonaia guztiak hogei-hogeita hamar urteen bueltan daude. Dublin eta Irlanda iparraldearen artean mugitzen dira. Askotariko harremanek lotzen dituzte. Batzuek zapatila berberak janzten dituzte egunero, baita gimnasiora ere, eta gogor egiten dute lan urte batzuetan zehar lasai bizitzeko beharrezko ikasketa-beka eskuratzeko. Muturreko egoeretan bururatzen zaie kide dirudunei laguntza eskatzea, baina ez dakite nola egin. Beste batzuek Dublin hegoaldeko azentua hartu dute eta transferentziak egiten dizkiete haien neska-lagunei eta horrek izan ditzakeen inplikazioez arduratzen dira. Hitz egiten dute. Ez dute lortzen elkar ulertzea.
A.rekin berbetan, aipatu genuen nola, Intermezzo irakurtzerakoan eta Rooneyren aurreko hiru lanak gogoan, posible den identifikatzea haren obsesioak, buruan bueltaka dituen gatazka eta dinamikak. Intimitate fisikoa. Adin-tarteak harreman sexu-afektiboetan. Badirudi, liburuz liburu, zerbait berria egin beharrean edo, agian, zerbait berria egiterakoan, aurretik egindakoa garatzen ari dela, aurretik esploratutako eztabaidetan sakontzen. Abilezia berbera ontzen, perfekziorantz hurbiltzen.
«Ez dut pentsatzen nire hazkuntza artistikoan», dio idazleak.
«Zalantzan jarri behar dut hori», elkarrizketatzaileak.
Rooneyk ulertzen du haren ikuspegia: «Printzipio guztiz finkatua da gure kulturan eraberritzea. Gure sistema ekonomikoa goitik behera dago oinarritua horretan: etengabeko hazkunde iraunkorrean. Denok hazi behar dugu, denak hazi behar du, denbora guztian; handitu, gehiago saldu, desberdina izan. Eraberritzea, norbere burua berrasmatzea, badirudi horiek direla egungo kulturaren oinarriak». Eta, noski, haren lana, merkatu-logika sorkuntza artistikoaren esparrura zabaldu nahi duen ikuspegiaren begietan, motela da. Motelegia, epe luzera, salgarria izateko –nahiz eta, oraingoz, errealitatea buelta ematen ari zaion logika horri–.
Erridikulua da neure burua Rooneyrekin alderatzea, baina are erridikuluagoa, duela hilabete bigarren liburua argitaratu nuenetik, «berriz poesia?» galdera jaso dudan aldi kopurua. Ez dut uste inork nire balizko lanaren balizko salgarritasuna zeukanik buruan, baina are kezkagarriagoa da eraberritzearekiko obsesio hori hain errotua izatea. Igual inork esperoko zuen, poesian aritu ostean, prosara salto egitea. Eleberria den genero konplexu eta arrakastatsuagoan aproba egin nezakeen. Poesia bizitzan egitekoen zerrendan honezkero ezaba dezakedan zerbait balitz lez. Beste zerbaiti ekiteko. Zerrenda luzatzen joan dadin.
Baina logika horrek ez du sorkuntzan bakarrik eragin: bizitzako esparru guztiak irentsi ditu. Denean egin nahi dugu aurrera. Nahi dugu unibertsitate-gradu bat hasi eta amaitu. Gogoz bagaude, baita bi ere. Masterra, akaso doktoretza. 30 urte betetzerako egina. Edo, bestela, lana. Ametsetako lana. Baita horra heltzeko borrokatu behar badugu ere: lanetik lanera, postuz postu joango gara hazten. Edo plaza finkoa lortu, behintzat; gorroto ez duguna, lanaldia bukatuta gauzak egiteko aukera emango diguna. Lagun-taldea badugunez betidanik, nahi dugu bikotekidea. Urte pare baten buruan, joan batera bizitzera. Erosi etxea. Ospatu urteurrenak dena perfektua balitz bezala. Doktoretza amaitzean, plaza lortutakoan edo bat-batean dena geldiegi dagoela ohartzean, izan umeak. Tarte batez entretenituko gaituzte. Ikusiko dugu nola hazten diren. Gure proiektutxo perfektuak. Baina ez gaitezen ahaztu geure buruaz: apur bat handitzean, utzi albo-proiektutxoa norbaiti tarteka eta murgildu kirolen batean. Diziplinaz. Zenbatu kilometroak, egin lasterketak. Aurrera, aurrera, segi aurrera.
Eta noski, ederra da gauza berriak probatzea eta norbere buruari erronkak jartzea. Arazoa erronkei eta helburu idealei inguruan dugunari baino gehiago begiratzen diegunean heltzen da. Erraza baita, hala, parekoa difuminatzea. Ez ohartzea hainbeste izerdiz lortu dugun lana ez zaigula gustatzen. Bizitzan oinarrizkotzat dugun harremana ez dela funtzionatzen ari.
Beldurgarria da gauzak eraistea. Lana uztea, harremanak haustea, zaletasunak baztertzea. Denbora eta energia eman dizkiegu eta, orain, nola egingo dugu atzera?
Ez dugu zertan atzera egiten egon, ordea. Logika lineala bera izan daiteke arazoa. Lerro zuzenean mugitzen gara, ala bihurgunez bihurgune, bueltaka, harantz eta honantz? Agian kontua ez da etengabe aurrera egiten tematzea, ezpada non gauden eta nondik gatozen ulertzen saiatzea. Buelta eman eta bide berbera hartuko bagenu, bidaiaren esperientziak beste era batean oinez egitera eramango gintuzke. Gauza bera egiten ariko ginateke, baina hobeto, beharbada. Edo ez. Baina bai desberdin. Eta ez al zen hori kontua?