Leire Vargas

Esaldi borobilik ez

2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

The White Album izeneko liburuan, Joan Didionek 60ko hamarkadaren erradiografia egiten du. Ez du estatistikez, gertakari politikoez eta aldaketa sozioekonomikoez berba egiten, ordea. Edo ez modu zabal eta borobilean, behintzat. Ez du saiakerarik egiten irudi orokor, osotzat uler daitekeen zerbait marrazteko. Horren ordez, Janis Joplinez, Jim Morrisonez eta garaiko eszena musikalaz egiten du berba. Pantera Beltzen mugimenduko Huey Newtoni eta James Pike Kaliforniako apezpikuari buruzko pasarteak kontatzen ditu, baina ez du goitik beherako deskribapenik egiten: aipatzen du baten janzkera, bestearen ahots-tonua edo ibilkera.

«Ezagutzen dudan Los Angelesko jende askok sinesten du 60ak kolpean amaitu zirela 1969ko abuztuaren 9an, Cielo Driveko erailketen berria sua sasiartean legez zabaldu zen momentuan», dio. Eta gero: «Bestetik, niretzat 60ak ez ziren guztiz amaitu 1971ko urtarrilera arte, Franklin Etorbidea utzi eta itsasertzeko etxera aldatu bainintzen orduan». Urteotan sufritu zuen buruko gaitzak eragin ziona azaltzen du, eta nola diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza okerra zela jakinik ere.

Didion XX. mendearen erdialdeko Estatu Batuetan jaio zen New Journalism izeneko mugimenduaren parte izan zen. Kazetaritza berri honek benetako gertakariak hartu eta kontakizun literario bilakatzen zituen. Tom Wolfek Merry Pranksters talde kontrakulturalaren drogak blaitutako bizimodua kontatu zuen. Hunter S. Thompsonek esajerazioa eta umorea erabili zituen Nixonen presidentetza kanpainaren kronika egiteko. Errealitatea kontatzeko baliabide literarioak erabiltzea aldarrikatu zuten kazetari aitzindarien oinordetza hartu zuen mugimenduak; estrategia muturrera eraman zuten, baina, idazlearen begirada lehen lerroan jarrita. Argia eman zioten aurretik ere hor zegoen subjektibitateari.

DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

Urtarril amaieran Baztango (H)ilbeltza festibalean egindako mahai-inguruan kriminalaren figura eraikitzeko prozesua aztertu zuten Edurne Elizondok eta Mikel Elorzak, literaturaren eta kazetaritzaren eremuak lotuta oraingoan ere. Argia-ko kronikak dioenez, Elizondok azaldu zuen kazetaritzan amaieratik hasita eraikitzen dela bertsio ofiziala, argi edukitzeko noranzkoa zein den, nor izango den gaizkilea. Era berdintsuan dio Didionek bizitzeko istorioak kontatzen dizkiogula geure buruari. «Ikusten duguna interpretatzen dugu. Hala bizi gara: irudi askotarikoen gainean ildo narratiboak inposatzen, ikasi ditugun ideiak oinarri hartuta, benetan bizi duguna den fantasmagoria aldakorra izozteko saiakeran». Esperientziak ematen digu begiratzeko jarrera. Hartu-emanez hartu-eman eraikitzen joan garen hizkuntzak diosku gauzei zer izen ipini. Horregatik da nekeza askotan kazetaritza eta literatura bereiztea. Baita bizitza eta literatura ere. Norberaren begiradak berdin argitu eta lausotzen duen egiaren bat bilatzen dugu eremu guztietan.

Dena kanpora begirako istorio bilakatzen dugun garaiotan, komeni da gogoratzea, hizkuntzak ezkuta dezaken arren, subjektua hor dagoela beti. Singularra edo plurala izan, beti dago norbait begiratzen. Berbak aukeratzen. Norbaitek erabaki du zer noranzkotan joango diren kamerak. Eta izan daiteke gardena nondik ari garen agerian utzi gabe? Hau da nire abiapuntua, hemen eta orainari lotua eta beraz partziala nahitaez. Partziala, guztia legez. Hori da, beharbada, egia esateko modu bakarra. Onartzea nekez emango dugula egia osorik. Eskura ditzakegun ziurtasun-hariak jasotzea, josten jarraitu ahal izateko.

Eta zer esan nahi du horrek guztiak? Orain para nitzake hemen estu lotutako esaldi ponposo batzuk. Bota nezake clickbait-aren kulturak eta bariku iluntzetako mahai-bueltek maite dituzten baieztapen borobil horietako bat. Baina gutxitan bezain zintzoa izango naiz: nik nire ikuspegia bakarrik eman dezaket. Hemen batu ditut maite ditudan aipu batzuk eta esan dezaketenak eta sinets dezakedanak bat egiten duten puntuetako batean kokatu dut haien esanahia. Irakurtzen dut eta saiatzen naiz aurretik ez nekien hori ulertzen eta ulertu dudanarekiko kritikoa izaten. Ikusten dut eta saiatzen naiz jasotzen dudana interpretatzen eta nire begiradarekiko kritikoa izaten. Arreta jartzen arreta eman didaten puntuetan. Zergatik okertzen zait honantz begirada? Zer ari naiz angelu itsuan ahazten?

Azken zita gaurkoz. Natalia Ginzburgena oraingoan: «Zerbait idazten dudanean, maizenik pentsatzen dut munta handiko kontua dela eta idazle handi-handia naizela. Nik uste horixe bera gertatuko zaiela denei. Baina nire arimaren zokondo batean ondotxo dakit beti zer naizen, alegia, idazle txiki bat, txiki-txikia. Zinez diot badakidala. Baina ez zait askorik inporta». Eta, mundua ulertzeko geure buruari istorioak kontatzen dizkiogula ikusi dugunez, hau edozein gertakari ulertzeko baliatzen dugun begiradari ere aplika dakioke: ikusten dugunean, erraz pentsa daiteke ukaezina dela soak dioskuna. Baina ez da ahaztu behar angeluak baldintzatzen dituela objektuen tamaina, formak eta itzalak. Eta, aldi berean, ezin dugu utzi idazteko agentzia ken diezaguten. Kamuts diezaguten begirada. Gure egia gurea baino ez da. Baina bada egia ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.