Leire Vargas

Dantzarako proposamena

2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun
DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

Paul Valéryk zioen poesia dantza modukoa dela: logikoa bainoago funsgabea, debaldekoa, bulkadak gidatua. Prosarekin parekatuz gero, bigarren hau oinez egitea litzateke: helmuga buruan, kontzientzia argi batez aurrera egitea.

Errazena norbere esperientziaz aritzea denez, argitaratu nuen lehenengo poesia-bilduma irakurle-klubetan aletzen ari ginela, hainbat lagunek aipatu zuten poema batzuk ulergaitzak iruditu zitzaizkiela, hermetikoegiak; hizkuntza dela, abstrakzio-maila dela. Ez zuten ulertzen zertaz ari nintzen. Egiari zor, gaur egun lan horretara itzultzen naizenean, zati batzuk eguneroko-txatalak izan litezkeela iruditzen zait, baina gorriak ikusten ditut beste batzuk nondik atera ote nituen deszifratu guran. Zer neukan buruan «moldekatu gaituena erreproduzitzen duten gure ezpain-ertzez» ari nintzenean? Eman diezaioket zentzu bat irudiari, baina harrituko ninduke 18 urteko Leirek lotura zehatz hori egin izanak.

Liburua institutuetan eztabaidatu dudanetan, berriz, lerro ulertezinetan geratu beharrean, ikasleak askoz gehiago tematu izan dira pasarteok iradokitzen dizkieten esperientzia eta emozioak azaltzen. Bizipenok ez datoz beti nireekin bat: 18 urteko ni horren berbek kontatzen dizkieten istorioak desberdinak dira poemek abiapuntutzat zituztenengandik. Baina haien irakurketek nire oroitzapen eta fikzioek bezainbesteko lekua dute testuaren barruan: egia absoluturik ez dago.

Jendeak aipatu izan dit «hizkuntza zaila» darabilela liburuak. Hainbat gazteri entzun diet, aldiz, «Elhuyar lagun» irakurri dutela. Eta, lexiko hanpatuegia erabili izana lan horrekiko damuen artean dudan arren, lasaitzen nau ulertzen ez duenaren errora heltzeko tartea hartzen duen irakurlerik badela pentsatzeak. Nahiz eta hala iraungo ote duten jakin ez.

Izan ere, gutxitan egiten dut nik neuk burua testutik aldendu eta hiztegia zabaltzeko esfortzua. Esango nuke 13-14 urteen bueltan, ingelesa gogoz ikasten ari nintzenean, gehiagotan jotzen nuela gogokoen barran gordetako Cambridge Dictionary-ra. Orain aplikazioa daukat mugikorreko hasiera-pantailan, baina, ezagutzen ez dudan berbak garrantzi saihetsezina izan ezean, nekez sakatzen diot ikonotxoari.

Noski, nerabezaro hasiera hartan arratsalde osoak nituen irakurtzeko, ia asteburu osoak ohean etzan eta liburutik hiztegira joan eta paragrafoak berriz hasteko. Intuizioz aukeratzen nituen liburuak, azal edo izenburu ederrek erakarria. Orain, aldiz, zazpi minutuko metro-bidaietan irakurtzen dut, eskolak hasi aurreko minutuetan, edo begi bat sutan irakiten ari den eltzean dudala. Aldi berean, bestalde, halako Instagram-kontuak gomendatutako liburu guztiak irakurri nahi ditut, eta haien argazkiak partekatu nik ere. Baina neure buruari esan behar diot: «Ados, hamar minutu gehiago irakurri, eta gero zabaldu artikuluaren dokumentua». Eta hamar minutu horietan nahi dut erlaxatu, gozatu, berbetan murgildu, zertxobait aurrera egin; eta ez hiru estrofa ulertu nahian irudi bakoitzaren zentzu posibleak lerro bakoitzaren amaieran idazteko lana hartu. Gero etorriko da lana. Hamar minutuotan ez dut lanik egin nahi.

Hala, Instagramek gomendatutako irakurgai arinenak aukeratzen ditut, ulertzen ez ditudan berba eta esaldiei entzungor egiten diet hurrengoekin hariari berriz heldu ahalko diedalakoan. Aste bat edo biren buruan amaituko ditudan esperantzan, nobedade are berriagoei heltzeko. Baina zenbat esanahi-geruza ari naiz galtzen artelanok hala jasotzean? Noski, testu literario bateko berben definizioak ulertzeak ez dakar nahitaez haren esanahia ulertzea, baina uste dut oztopo-sorta berberak lotzen dituela biak: praktikotasunak, nagikeriak eta, beharbada, baita arrazoi logikoarekiko obsesioak ere. Ulertu nahi dut, ahal dela lehenengoan, eta tarteka baita ondorioak atera ere, baina, betiere, mota jakin bateko ondorioak. Oro har, banekizkien gauzak baieztatuko dituztenak. Lasaigarriak.

Ulertzekoa da egiturazko prekaritate eta estres artean ihesbideak bilatzea eta literatur munduko iruzkingileen azken esamesak ulertu nahi izatea, baina sorkuntza hori baino askoz gehiago izan daitekeela ahazten dugunean hasten da arazoa. Gaitasuna galtzen dugunean, distrakzio-beharrean dagoen automatatik harago, edo mezu jakin bat bilatzen duen ikertzailea alde batera utzita, arteari era aktiboan erantzuten dion eragilea izateko; jasotze hutsetik sorkuntzaren parte izatera bidea egiteko. Eta hau ez da berdin erraza edozein testuingurutan: lan askok baldintza eta kapital kultural jakinak eskatzen dituzte. Baina poesiak eta, Valéryren baimenarekin, arteak, helburu jakin batekin edo egia absolutu baten bila ari garenean baino askoz gehiago eskainiko digu osotasunean, xehetasun txikiak barne jasotzeko tartea hartuz gero. Eta horrek ere eskatuko digu nolabaiteko lana, baina baliteke bueltan edozein distrakzio, etiketa edo zenbaki baino ederragoa den zerbait jasotzea: dantza bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.