Leire Vargas

Besaulkitik

2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun
DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

 

Gertatu zait Tiktokeko bideo batean pertsona arrazializatu baten bizipenak entzun eta barneratuta neuzkan aurreiritziez jabetzea. Edo duela gutxi ezagututako kide batzuekin telebista ikusi eta pantailan agertzen zen emakume bakoitzeko entzun behar izatea zeinen ondo erabili behar duen mingaina, laburragoa behar lukeela haren gonak edo desertua baino sikuagoa izan behar duela hankartea. Urteetan inguru berean egon ostean, ikusi ditut behin ekiteko gogoa pizten zidaten dinamikak itogarri bilakatzen. Haien parte nintzela ohartu naiz, ni ere ari nintzela min egiten zidaten jarrerak gorpuzten. Gertatu zait konturatzea ez nintzela nik nahi nuena idazten ari, ezpada besteek irakurri gura zutela uste nuena. Harremanetan ere gertatu zait: gerora ikusi dut ondokoak pozteko ari nintzela berbetan, neure buruari benetan pentsatzen nuena zer ote zen galdetu barik. Kontrara, beste batzuetan konturatu naiz nire nahiei baino ez diedala kasurik egin, lagunak behar zuena ahaztuta.

Mila kasuistika daude, eta egoera bakoitzak baditu bere arrazoi eta egiturak, baina bada denak lotzen dituen hari bat. Hari korapilatu bat. Sabelaren goialdean, birikak baino zertxobait beherago agertzen da. Izerdi-tanta hotz batekin batera batzuetan, edo biriken gaineko presio txiki batekin. Badaude aldiak zeinetan haria luzatu eta luzatu eta korapiloa hazten eta hazten joaten den, barrua bete eta arnasa gordetzeko toki barik uzten naueneraino. Beste batzuetan, aldiz, erraz laxatu eta minutu gutxi batzuk barru ahaztuko dut. Baina beti du, zentzu batean, antzeko tankera. Deserosoa da. Horixe da sentsazioa: deserosotasuna.

Egon zaitezke deseroso goitik behera, norbaitek zure pribilegioak gogora ekarri dizkizulako. Edo behetik gora, zu zarelako zapaldua, eta sistema oso baten aldamioari eutsi behar diozunean ez dagoelako eroso egoterik. Egon zaitezke deseroso maite duzun norbaiten begietara begira, inor ez delako perfektua eta denborak, oroitzapenekin batera, minak ere pilatzen dituelako maiz. Egon zaitezke deseroso tabernan, kalean, etxean, zure logelan, zeure haragian. Denok bizi ditugu une deserosoak. Egunero, seguruenik. Egun batzuetan hainbat aldiz.

Ez dakit besteok nik bezala biziko duzuen sentsazioa, baina bada gehienok partekatzen dugun joera bat: deserosotasunari ihes egitea. Logikoa da, noski; azalpen zientifikoa ez dakit, baina agerikoa da sentsazio fisiko negatiboak zauden tokitik irten zaitezen agertzen direla. Gauza bera gertatzen ei da arriskuaren aurrean ernatzen gaituen beldurrarekin.

Ordea, nago deserosotasunak eragindako ihesak ez ote dituen sentsazioak zabal ditzakeen beste aukera batzuk irensten. Ez diot ihesa ez denik zilegi. Inguru batzuek sokak lotzen dizkigute lepoaren baitan. Beste batzuek, gatazkak gatazka, merezi dute eraldaketarako lanik, baina beti ez dugu horretarako adina indar. Badaude kasuak non norbere burua zaintzea den toki batetik ateratzea.

Askotan, baina, erantzukizunari ukoa da ihesa. Denok egon nahi dugu eroso. Denok behar dugu toki seguru bat eta zainduko gaituen jendea. Beti betetzen ez den arren, aukera eduki behar genuke non geratu eta nondik joan nahi dugun erabakitzeko. Eta, hala den kasuetan, eroso sentiarazten gaituena aukeratuko dugu beti, ezta? Etxe eroso bat, lagun-talde erosoa, militantzia-esparru erosoak, sare sozialetako timeline erosoak. Izan ere, egon daiteke erosoegi?

Zer gordetzen da lehenengo deserosotasun-txinpartatik ihesera arteko bidean? Ez zait lagunak esandakoa gustatu ez nagoelako ados, ala saihestea nahiago dudan gatazka bat azalarazi duelako? Deserosotasunak haren eragileaz bezainbeste adieraz dezake guri buruz. Errazena da oker daudela pentsatzea, geure burua justifikatu eta hanka egitea. Hala mugitzen gara; ez nahitaez aurrerantz. Geurean irauteko beste modu bat aurkitzen dugu, ikasi eta hazi ordez.

Deserosotasuna trantsitatzea norbere buruari aurre egitea da: norbere mamuei eta minei, damuei eta galdutakoei, gainetik kendu ezin ditugun zama horiei. Norbere egoari eta botereari. Aukera duenak erabaki dezake oinen azpiko lurrari begiratu barik oinez egitea, baina esango nuke, bidea samurra izan zaigunean luzaro, hankapean zerbait ahazten ari garelako izan ohi dela. Ate bat bestearen atzetik zabaltzen ikusten dugunean, gehien-gehienetan, zolarekin zanpatzen ari garela zerbait. Edo norbait.

Hierarkia eta patroi batzuk argi identifikatzen ditugu; beste batzuk onartzeko gaitzagoak dira. Norbere baitakoak, batez ere. Txikitan izaten genuen hazten ari ginela iragartzen zuen giharretako mina. Badaude hazteko beste modu batzuk, baina abiapuntu bat izan daiteke egoera zenbaitek eragiten diguten korapilo horren jatorria aurkitzea. Egindako bideetan atzera egitea eskatzen badu ere. Hazteko, oraindik ere txikiak garela onartu behar baitugu batzuetan: dakiguna baino askoz gehiago dela ezezaguna zaiguna, beti ez dugula arrazoirik, gure besaulki erosotik jaiki eta giharrei lana ematea tokatzen dela tarteka. Eta, bestela, galderak lagunduko digu, behintzat, etorkizunean zer toki saihestu behar dugun ikasten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.