Leire Vargas

Barkamena, memoria eta zoriona (zu zeundelako)

2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Askotan esan didate errazegi barkatzen dudala. Nik ere pentsatu izan dut. Badut joera jendearengandik onena espero izateko, kontrakorako arrazoiak ematen dizkidaten arte. Batzuetan, baita orduan ere. Deitu inozentzia, edo inozokeria.

Egia da: ikastolan nengoenean baztertzen ninduten ume berberek azterketak kopia ziezazkidaten uzten nuen. Urteetara, baiezkoa ematekotan egon nintzen haietako batek elkarrizketa-eske idatzi zidanean, kazetaritza ikasten zegoela eta, nahiz eta horrek neure buruarentzako ere ez neukan denbora hari eskaintzea eskatuko zidan. A.k, ikastolatik gordetzen dudan lagun bakanetakoak, konbentzitu ninduelako baino ez nion esan ezetz. «Nola esango diozu, ba, baietz?!», bota zidan, sututa. Egin zidan guztiaz gogoratuko ez banintz bezala.

DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

Gogoratzen nintzen, noski. Gogoratzen naiz. Baina, nolabait, atzean utzi ditut oroitzapenotako emozioak; haien koloreek distira galdu dute, ez naute ukitzen honezkero. Ulertzen dut garai hartako nire mina, eta haserrea. Arrazoizkoak ziren. Baina honezkero ez dira nireak. —Eskerrak ezetz esan nion, bestalde, gerora jakin baitut tipoaren besteekiko errespetuak okerrera baino ez ei duela egin gure bideak banatu zirenetik—.

Gehienetan, ordea, ez dut ondoan edukitzen A. moduko begirada zorrotzik. So bigun eta barkabera hau baino ez dut. Uzten dut jendea hurbil dakidan; baita, askotan, min egin ostean itzul daitezen ere. Eta batzuetan merezi izan du: ikasi dute akatsetatik eta hobeto egin dituzte gauzak aurrerantzean. Beste batzuetan, aldiz, labana sakonago sar dezaten bidea zabaldu besterik ez diet egin.

Hezur eta haragirik duen ezer ez da zuri-beltza, ordea, eta min egin didatenek zertan ari ziren ondo jakin barik jokatu dute sarrienik. Ni ere egon naiz beste aldean. Denok ematen dugu min nahi gabe. Ez dakigu gauzak hobeto egiten eta hurbilekoak dira kaltea irensten dutenak. Gehien maite ditugunak, babestu nahi ditugun horiek. Baina posible al da ondokoak gure akats gizatiarretatik babestea?

«Inork ez dizu irakasten zer egin pertsona on batek min egiten dizunean», dio Taylor Swiften happiness kantuak. Min horretan murgilduta dago ahotsa: «Zuhaiztia gainditzen dudanean / ikusiko dut hau guztia izan zen bezalakoa, / baina orain basoak barne-barnean nauka / eta hemen daude nirekin eman dizkizudan urteak, / erakutsi nizkizun ezkutaleku guztiak. / Dantzan ari nintzen musika gelditu zenean / eta, sinesgogor, ezin topatu noranzko berririk».

Minak estali egiten gaitu batzuetan. Tokian iltzatzen gaitu, ez atzera ez aurrera. Iragandakoari lotuta, zutitu eta berriz oinez hasteko indar barik. «Orain nire begiek euri azidoa isurtzen dute / jaso ohi zintuen burkoan». Halakoetarako trikimailurik ez da; badaude tapakiak, film kuttunak, edari beroak eta lagunak. Eta denbora. Denborak mina haserre bilaka dezake. Suminak hartzen du ulertezintasunaren lekua, eta agian hori errazagoa da habitatzeko: garra, paralizatzen gintuen berunaren tokian.

Bai haserreak eta bai minak itsu gaitzakete, ordea. Basoak ez digu bizi izandakoa argi ikusten uzten; uneko emozioek erabakitzen dute zer zeru-zati gordetzen dugun gogoan. Eta emoziook badira zeharkatu beharreko zerbait, jakina. Baina arriskutsua da luzez geratzea bertan, sustrairen batean kateatuta. Hodei grisak besterik ikusi ezinik. Zeru urdinak ahaztuta.

«Egongo da zoriona zu eta gero / baina egon zen zoriona zu zeundelako / biak izan daitezke egiazko», dio kantuak. Minak zoriona ere irents dezake, oroigaitz bilakatzeraino. Eta, hura aletu eta eraldatu ezean, betiko gal dezakegu bizi izandako zorion hori. Batzuetan gehiegizkoa da mina; berau da zoriona tindatu eta eraldatzen duena eta ez digu ezer uzten erreskatatzeko. Beste batzuetan, baina, aukera dezakegu zerekin geratu edo, behintzat, aukera dezakegu edertasuna ere aldean eramatea.

Alde bietan egon naiz ni. Min egin didate, eta min egin dut. Min egin diet maite nituenei. Batzuek barkatu didate, eta beste batzuek ez. Batzuek txarto egindakoa gogorarazten didate topo egiten dugun bakoitzean. Beste batzuek bidea zabaldu didate aurrera egin ahal izateko. Eta, bide berberetik edo beste batetik, eurek ere egin dute aurrera. Izan ere, gauza gutxik laguntzen du aurrera egiten barkatzeak beste. «Eskatzen didazun bakarra barkamena da. / Ez duzu ni berria ezagutu oraindio / baina uste dut berak emango dizula». Baliteke barkamenak ematea gu berriak eraikitzeko aukera. Norberarenak eta besteenak. Ahaztu barik, edo ahaztu nahi ote dugun geuk erabakita.

Ez dakit, agian nire barkaberatasuna ari da berbetan. Baina nahi nuke besteek ere nirekin hala joka dezaten. Eskuzabaltasunez eta memoriaz. Memoriaz akatsetarako, baina baita edertasunerako ere.

«Eta ona, hori ez al duzu oroitzen?», galdetu zenidan atzo telefonoaren beste aldean. Eta ez, gaur ez dut oroitzen. Gaur ezin dut oroitu, ez dut oroitu gura. Baina lasai, itzuliko da. Tiraderan daukat, ondo gordeta.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.