Leire Vargas
Hamaika Esku Batean

Aitzakiak

2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun
(ID_13407140) Hamaika Esku Batean
DOM CAMPISTRON

G ailegatzerako janaria mahaian geneukan. «Zatoz azkar, hoztu egingo da bestela!», bota diot mezua bost minutu lehenago, erdizka plater zainduen konposizioa apurtzeko irrikaz nengoelako, erdizka azken momentuan etxean geratuko zela esango zidan beldurrez. Partekatzeko eskatu dugu guztia; ez zitzaion inporta zer jan haragirik edo arrainik ez zeukan bitartean. Haren ahotsa itzalita igorri dit mugikorrak, sua joandakoan pospoloaren buruak igortzen duen kearen antzeko. Egun osoa eman ei du ohean sartuta; erlojuak jandako ordu bakoitzarekin gaindiezinagoa zirudien jaikitzeko atazak. «Badakit ez dela erraza, baina zatoz, benetan», esan diot. Azken hilabetean izan dut nik ere halako egunik. «On egingo dizu ateratzeak. Hobeto sentituko zara jendearekin egon eta gero». Eseri eta egin duen lehenengo gauza: ardoz berriz betetako likore-botilatxoa atera, eta edalontzia bete. Agurtu gaituenean hezur-haragizko ahotsa ere desagertzear zegoela zirudien.

Ez dakit botilak edalontziaren kontra egin duen soinuak ni moduan ziztatu duen parean eserita daukadan L ere. Beharbada etxean entzundako antzeko klink-en eta ahots itzalien istorioek eragin dute, edo Hren aitarengan pentsatzen dudanero etortzen zaidan lehenengo gauza garagardo usaina izateak. Beharbada nire filtroa baino ez da, kolore ezagunak parean ditudanekin gainjartzen berriz ere.

Lau ordu beranduago, agertoki berria: jatetxe japoniar argitsutik taberna irlandarraren lurrazpiko txokora. G nire ondoan eserita berriz ere. «Bo, ni etxera joango naiz», esan dut. «Ez joan!», inguratu dit besoa bereekin, burua nire sorbaldan etzan. «Goiz da oraindik!». Adar finek ez dute indar askorik, baina berotasuna igortzen du haren gorputzak. «Zortzietan egon behar dut klasean bihar». «Nik ere joan beharko nuke». «Zatoz nirekin, bada», begiratu diot, «batera egingo dugu bidea». «Goazen beste garagardo bat hartzera», berak. «Orain ohera joanda hobeto sentituko zara bihar». «Ez dut joan nahi, edan egin nahi dut. Edateak sentiarazten nau hobeto». Isilik geratu naiz.

Duela hilabete eta erdi ezagutu nuen G. Mozkor zegoen aurkeztu zidatenean eta aurpegian iltzatuta zeraman irribarrea; bazirudien bere begiek ere, dir-dir, hortzak agerian zituztela. Inguruko gehienak ere antzeko egoeran zeuden, goizeko ordu txikiak ziren tabernako ilunpean. Haren urtebetetzea ospatzeko elkartu ginen hurrengo: piknika parkean. Besteok jatekoak eraman genituen, galletak, patata frijituak eta karameludun krispetak. Berak ardoa atera zigun kartoizko edalontzietan.Hurrengo astean drag show-ra joan ginen biok. Goiz geratu ginen etxe ondoko supermerkatua itxi aurretik edaria eros zezan. Tabernara sartu aurretik kale-izkinan utzi zuen botila erdi-hutsa. Ez nion lagundu.

Joan den zapatuko irteeran, bestalde, kafe huts luzea eta infusioa baino ez zituen edan, ezta? Parkean eman zuten aurreko gaua, hori bai. Hotzik izan ez ote zuten galdetu nionean barre egin zuen. Edaria izan zuten barrenak berotzeko, noski.

Tira, baina Erasmusean gaude; normala da asko edatea. Beste kontu bat da Grena ez dela ohiko Erasmusa, ezpada Erasmus master bat, esan nahi baita, bi urtez lauhileko bakoitza toki ezberdin batean egitean datzana. Edo ez, agian ez da beste kontu bat. Jaioterriko istorioak kontatzen dizkigunean ere jai-giroan kokatuak dira gehienak, eta batek baino gehiagok badu helburu literarioekin egindakoa ez dirudien elipsirik. Baina gazteak gara, normala da asko edatea, ala? Normala.

Tabernatik irtetean korrika ateratzeko tentazioari eutsi behar izan diot. Termometroak 0 gradu markatzen du lehenengoz aurten, masailak izozten ari zaizkit, eta Gren ukituak jelazko mantu bat laga dit gainean. Zurezko mahaian utzi dut bera, garagardo parean. Eta ez dut irudiak iradoki lezakeenera salto egin nahi. Seguruenik nire arduren proiekzio hutsa da ikusten ari naizena. Niri iradokitzen didana baliteke beste norbaitek bestela ulertzea. Eta, edonola ere, mugatua da oraindik Gren baitan eraiki dezakedan istorioa; bildu ditut argazki eta kontakizun zenbait, baina hainbeste dut oraindik ezagutzeko... Ez naiz pertsona egokia epaitzeko laguntzarik behar duen, zer den behar duena. Nola sartuko naiz haren bizitzan horrela? Izango ditu lagunak zeinekin egunerokoa partekatzen duen, hobeto neurtuko dute benetako arazorik dagoen. Nik duela hilabete eta erdi baino ez dut ezagutzen, azken finean.

Baina, jakina, hemen dagoen inork ez du hilabete eta erdi baino gehiago eman harekin. Masterrean lagun pare bat ditu, baina nekez ateratzen dira arratsaldetan. Bizilagunekin bai, egoten da gehiago; iluntzeetan batera irten ohi dira, ondoz ondo edaten dituzte koktelak edo eskuz esku pasatzen ardo-botilak plazan, eta orduan guztiei eskegitzen zaizkie irribarre sorrak aurpegian eta guztien betazalak erortzen dira doi bat, eta normala da, ezta? Egun osoa ematen dugu lanean, utzi beharko diogu geure buruari tartea ondo pasatzeko. Eta utzi behar diogu, noski. Eta ze erraza den geure buruari aitzakiak jartzea.

Bitartean, beste hilabete eta erdi barru Gk beste herrialde batera egingo du alde, harreman guztiei oinarritik ekingo die berriz. Ez, tira, lagun batek iraungo du haren ondoan, poltsikoan kabitzeko moduko botila zapalean, une oro. Lagun batek, edo arerio batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.