Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Gurpila

2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Agortuz doa abuztua, eta irailaren itzalak luzatuz doaz ikasturte berriaren ertzean. Pixka bat igande arratsaldeari astelehena intsinuatzen zaion bezala suma daitezke irailaren zaporeak, usainak, tonuak airean.

Fenomenoa ziklikoa da —ziklotimikoa ez esatearren— eta ohituta beharko genuke honezkero gure bizitzak urte astronomikoetan ezezik ikasturte akademikoen arabera ere ordenatuta ditugunok. Beste ikasturte bat dator. Gehienontzat, ez denontzat noski, ez da lehena ezta azkena izango. Baina badakar zerbait diferentea oraingoan.

Beldurraren kutsu metalikoa izango da agian. Ikasturtea, etorri ezezik gainera datorkigunaren susmoa. Edo plan eta ardura faltaren hatsa izan daiteke sumatzen dugun hau, norberaren amorruaren aromarekin nahastua. Ala dena estaltzen duen tonu ilun eta opakua da datorren irailari igartzen diogun hau. Gauzak begien aurretik kendu eta estaltzeko hainbeste erabiltzen den kartoi-harri (edo kartoi-herri) kolore nonahikoa.

Uste dut inork ez dakiela zer datorren, zer datorkigun, irailarekin. Baina «badator» hitzaren sonoritatea igartzen diot. Solidotasun handi hori, hiru silabatakoa. Trumoiaren jainko eskandinaviarrarena ere izan litekeen erre ozen horrekin. Ba. Da. Tor.

Ez dakigu zer datorren baina igar dezakegu jada bere pisua denon sorbalda gainean. Etorkizuneko zama hori, jada presente egina. Gelditu ezin den gurpil handiaren pisu izugarri hori, beti bezala gaizki banatua.

Galdera zaharrak datozkit berriro burura. Nor dagoen zeren zerbitzura. Zeri esango diogun bira egin eta zeri gelditu, eta nor harrapatuko dugun azpian oraingoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.