Txerra Rodriguez.
MELE

Gure heroiak

2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Amaraunez beterik ditugu bazterrak. Ez da txarra, beraz, lantzean behin amaraun horiek kendu, bazterrak garbi-ikuzi eta adorea batzea. Aurrera egiteko, jakina.

Horregatik, gaur, Atanasia Mauraza izeneko loiuztar andre bat ekarri gura dut gogora. Elotxelerri auzokoa zen, baserritarra. 1965ean Bilboko aireportuko pistak handitu ziren, eta hori dela eta, Loiu eta Sondikako 33 bizilagun izan ziren kaltetuak. Euren artean, Atanasia Mauraza eta bere familia. Baserria bota eta han inguruan beste etxe bat egin zuten. Beharrezkoak ziren baimen guztiekin, noski.

Handik zazpi urtera, ostera, aireportuko pistak handitzeko beharra piztu ei zitzaien gure orduko agintariei (gaur arte iraun duen beharra, egun Derio eta Loiuko hainbat etxe eraisteko arriskuan dira). Eta Loiu eta Sondikako hainbat baserri (eta eskolak, eta trenbidea) bota zituzten. Euren artean, Atanasia Maurazaren etxe berria.

Bigarren aldi honetan, baina, 86 urte zituen Atanasiak esan zuen bere etxetik ez zela mugituko eta hilabete bi inguru egon zen etxetik irten barik. Erresistentzian zela, Pilar Kareaga (orduko Bilboko alkate frankista) obrak bisitatzera joan zen. Atanasia, hura ikusirik, baserritik irten eta esan zion berak nahi zituela euskaraz berba egingo zuten abokatuak, ez erdaraz berba egiten zutenak. Baina Pilarri (eta ostean etorri direnei) aireportuak ez zion loa galarazten, antza.

Azkenean, guardia zibilak joan ziren eta 24 orduko epea eman zioten alde egiteko. Hori egin ezean, etxea botako zuten bera barruan egon zein ez. Eta ospa egin behar izan zuen. Atanasia Mauraza, gure borroken genealogian ahaztutako beste izen bat, emakumea, euskalduna eta baserritarra. Gugan bego haren indarra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.