Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Gure etorkizuna

2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hau izango da denboraldi honetako zuzendarien azken Galeusca, eta Martxelo Otamendirekin egindako azkena. Horregatik, etorkizunaz hitz egin nahi dut.

Oraingoz, ezohiko uda bat heldu zaigu berehala. Izan ere, Espainiako hauteskundeak izango dira uztailaren 23an, eta Espainiako hurrengo lehen ministroaren inbestidura saioa San Roke egunean egingo da, abuztuaren 17an, hain zuzen.

Kazetariok oporrik gabe geratu gara aurten, Pedro Sanchezen presaren ondorioz, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu irakurleei hauteskundeen berri emateko, etorkizun hurbilean erabakigarriak izango baitira gure hiru herrialdeetan, baina baita Espainian ere, eta Espainian batik bat.

Azkenean PP eta Vox alderdien arteko gobernu bat osatzen bada, inkestek adierazten duten moduan, nahiko argi dago horrek tentsioa areagotuko duela gure herrialdeen eta Espainiaren artean. Inbestidura saioa egin eta aste gutxira, Diada izango da Katalunian, eta orain ere imajina dezakegu egun horretako parte hartzeak argi adieraziko duela herritarrak zenbateraino dauden haserre.

Hala ere, luze gabe gerta daitekeena ezer gutxi da epe luzerako etorkizunarekin konparatuta. Agian historialari gisa izan dudan formakuntzagatik edo, beti pentsatu izan dut iraupen luzea kontzeptua garrantzitsua dela; Fernand Braudel historialari frantses handiak gizarte zientziak astindu zituen kontzeptu horrekin, 1958an. Braudelek denboraren joana bera birplanteatu zuen, eta proposatu zuen denbora ez hartzea ekintzak barnean hartzen dituen parametro kronologiko soiltzat, baizik eta egiazko gizarte eraikitzailetzat.

Ikuspegi hori buruan, Herrialde Katalanek, Euskal Herriak eta Galiziak Espainiaren aurka duten borroka, zeina azken batean penintsularen historiaren gai nagusia baita, gure alde jarri da, Madrilek porrot egin duelako proiektu integratzaileren bat aurkezteko orduan. 1980ko hamarkadan, zeozer ematen zuen harako Felipe Gonzalez hura zegoen garaian, espainiarrek aukera handiagoa izan zuten bataila beren alde berrantolatzeko. Baina porrot egin dute. Gogoan dut 1992an Juan Carlos Els segadors-en doinuarekin sartu zela Olinpiar Estadiora, Jokoen inaugurazioan, eta gaur egun ezinezkoa litzateke hori.

Gure herriek, gure bizialdian, asko aurreratu dute, eta ez da erraza izango irabaztea—katalanok 2017an egiaztatu genuen hori—, baina etorkizuna, Martxelo eta Maria maiteak, gertuago dago gurea izatetik haiena izatetik baino. Besarkada bana biei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.