EHPMren partaidea

Gure belaunaldiko azken mohikanoei gorazarre!

2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Jabi Arana EHPMren eta Tolosaldeko TOPA plataformako kidea hil berri zaigu, eta ez da azkena izango. Lurrak bere altzoan har beza.

Badira urte batzuk gure belaunaldiko burkide, lagun edo ezagun asko alde egiten (hil direla esateko modu arina) ari zaizkigula. Gure belaunaldia, gaztaroa hirurogeiko hamarkadan bizi izan zuena, iritsi da azken portura. Non Karonte txalupazaina izango dugun zain.

Bi ezaugarri ditu gureak aurreko belaunaldiarekin konparatuta: lehenengoa, gerra zibileko galtzaileekin ezin genituela harreman normalizatuak izan. Bigarrena, Frankismoari beldurra galdu geniola.

Gure garaiko belaunaldien arteko lubakia era askotakoa zen (gorriak deabruak ziren eta nazionalak onak), gerra zibilaren historia ezagutzeko eragozpen handiak genituen. Familietan, guraso eta seme-alaben artean kanposantuko isiltasuna nagusi; etxetik kanpo, kalean zein lantegietan 25 urte irauten zuen pax romana ia modu solemnean ezarria ziguten; eskoletan espiritu nazionalaren formakuntza ematen ziguten; egunerokotasun latz eta ilunean murgilduta, gure gaztaroan ez genituen ezagutu aurrekoen nondik norakoak.

Pixkanaka, gizartea aldatzen joan zen diktaduraren agindupean. Gazte batzuk, bakanka zein taldexka, handik eta hemendik informazio kritikoa jasotzen hasi ziren, klandestinitatearen eremu latzean abiatu ginenak gerra zibilaren berriak hasi ginen jakiten eta miliziano edo gudari izandako zenbait ezagutzen. Pribilegio hori izan genuenok, halere, ezin genuen gure belaunaldiko besteekin erraz konpartitu, gu ere lubakietan mugitzen baikinen eta klandestinitatetik oso zaila zen belaunaldi osoarekin konektatzea. Mendi irteeretan bakarrik sortzen zen militantziaz aparteko konplizitatea edo kidetasuna.

Gizartean ere Gerra Sindromea alboratzen ari zen heinean, galtzaileen ordezkapena guri zegokigun eta hala gertatu zen. Gu izan ginen Diktadurari amaiera ematea lortu genuenak. Ez nahi bezala, eta frustrazio askorekin moldatu behar izan ginen Regimen del 78 delakoa borrokatzera. Aro horretan 80ko hamarkadan gure eta gazteagoa zen belaunaldiarekin topo egin genuen erakunde askotan eta eskuz esku jardun borraka berdintsuetan. Langileen greba orokorrak eta sindikatuen antolakuntzak; Lemoizko zentral nuklearraren aurka; abortua legeztatzearen alde; eta aurrerago abiadura handiko trenaren aurka, OTANi ez!, soldaduskaren aurkako intsumisioa. Euskal preso politikoen amnistiaren alde... Milaka ginen, ez denak, jakina, belaunaldi oso bat inoiz ez baita norabide berean abiatzen, ez atzo eta ezta gaur ere.

Haietako asko 50 edo 60 urteren bueltan daude, eta gu (65etik gorakoak jada, jubilatuak) bezala, arazo askorekin gaur egungo gazteekin konektatzeko. Izan ere, hainbeste aldatu da gizartea. Diktatura garaian errepresioaren eta isiltasunaren bidez sakabanatzen zen belaunaldia; egun, giza ohiturak, komunikatzeko erak, kultur aldaketak ditugu oztopo belaunaldien artean ondo ulertzeko. Are, sortutako sare eta komunitate berriak guretik aparte mugitzen dira, beste planoetan mugitzen dira, eta ahaleginak ahalegin ez dugu lortzen lubakiak gainditzen eta zubiak eraikitzen. Lurralde berean bizita, ematen du mundu desberdinetan bizi garela, eta ez arazo sozial, nazional edo generokoekiko ikuspegiagatik soil-soilik.

«Modernitate likidoak blaitzen du XXI. mendea. Munduan zehar korronte autoritario askotxo indartsu dabiltza. Militantzia politikoa aldatu egin da. Ez dago bizitza osorako konpromisorik. Mugimendu sozial anitz daude, han eta hemen. Geiserrak bezala agertu eta desagertu egiten dira. Ur beroko turrusta aldizkakoak dira, lurrazpitik gorantz ateratzen direnak. Orain oso indartsu eta hemendik lasterra ahul. Edo hil. [...]».

Txema Ramirez de la Piscinaren diagnostiko hori egia izanik, pentsiodunen mugimenduan gabiltzanok, aldiz, aspalditik gatozen maratoilariak gara. Ez gara ur azpiko aldizkako ur turrustak; urte osoan isilean egindako entrenamendu gogorretan saiatu ondoren lasterketa amaitu arte eutsiko dioten hats luzeko borrokalariak baizik.

Zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, ahalegindu gaitezen gure irakaspenak transmititzen; ikas ditzagun (irakasleek ikaslearengandik, Marx dixit) olde berritik. Badago borrokatzen den gazteria guk sumatzen ez dugunean ere. Kontua ez da errudunak bilatzea, arazoak gainditzeko bitartekoak asmatzea baizik. Ez gaitezen sumindu, sistemarekin ez bada! Aztertu dezagun zergatik Valentziako hondamendiaren erdian eskuz esku lanean elkartu diren gazte zein adinduak.

Gazteak baleki, zaharrak baleza. Gazte horiei ez zaie samur izango etorkizuna, eta asmatu beharko dute nola borrokatu, guk egin genuen bezala. Gu, berriz, azkenean gaudenok, azken hatsa bota arte, aurrera!

Pentsiodunen mugimenduak asko du irakasteko. Badu belaunaldi berrien inspirazio iturri izateko aukera. Izugarrizko altxorra dago gurean. Mugimenduaren puntaren puntan ikusten ditudan gizon zein emakume burkideek urteetan ikasitako borroka eta antolamendu moldeei eusteko gai direla demostratu dute. Ia astelehenero elkarretaratzea eta manifestatzea lortu dugu milaka lagunek Euskal Herri mailan. Gai gara gure jardueretarako behar den dirua lortzeko ere, eta gure artean komunikatzeko sare indartsua iruteko. Gai izan gara 150 udaletxetan 1.080 euroko pentsio minimoen aldeko hautua egiteko. Eta une honetan Herri Ekimen Legegilea jarri dugu Eusko Legebiltzarrean gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatu dezaten osagarrien bidez. Aldarrikapen hori egiztatzea lortzen badugu jubilatuen mugimendua aro berri batera igaroko da, eta ez badugu lortzen aztertu beharko dugu nola jarraitu.

Erantzukizuna, diziplina, aldi berean alaitasuna, bizipoza, eta askatasun gogoa. Eta elkartasuna, gure bilobekiko eta ez direnekiko. Gurearen alde ez ezik, datozen belaunaldien alde borrokan ari gara. Gaurko lan saria, langile soldata duina, hori guztia biharko pentsioen bermea baita. Horri belaunaldien arteko elkartasuna deritzogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.