Korapilo bat daukagu, Vicent; ea laguntzen diguzun konpontzen edo, behintzat, argitzen. Aspaldi honetan Katalunian oso modu interesgarrian antolatzen ari zaretenez, ea proposamen bat bururatzen zaizuen.
Espainiako Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionaleko epaile baten sinadurarekin, euskal preso politikoen eskubideen alde diharduen Herrira taldearen aurkako makrosarekada bat egin du. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren eskubideak zaintzeko ardura daukanak, polizia operazioaren aurkako jarrera publikoa erakutsi du, eta adierazi beste garai bateko estrategia dela eta atzerapausoa dela. Baina Jaurlaritza horrek berak ertzain talde handi bat jarri du Hernanin Guardia Zibilari babesa eskaintzeko operazioa egiten ari den bitartean. Herritarrek kalera jo dute protesta egitera, eta ertzainak jarri zaizkie aurrean, guardia zibilei —hau da, Eusko Jaurlaritzaren ustez eskubideak urratzen ari direnei— babesa eskaintzeko; eta eskubideen urraketa salatzen ari direnei egurra emateko. Guardia zibilek lan garbia egin dute, eta ertzainek, zikina.
Ikusten duzu modurik belodromo horretatik ateratzeko?
Aurki bi urte beteko dira ETAk adierazi zuenetik borroka armatua utzi egingo zuela. Orduan, ni bezalako ingenuo batzuek esan genuen bukatu zirela makrosarekada eta makroprozesu berriak; lanak edukiko genituela irekita zeudenak gelditzen (laster herriko tabernak eta gazte independentistak), baina berririk ez zela izango.
Betikoek, prozesua hankaz gora jarri nahi dutenek, erabaki dute oraindik daukaten indarra erakustea, epailea eta Barne ministroa erridikulua egiten jartzeraino. Alegia, agintzen zuenak segitzen duela agintzen, eta guk koroa jartzen dugula.
Enbaxada bila
Gu beti bezala, koroa jartzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu