Gorakada turistikoak ba al du mugarik?

BERRIA.
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Turismoaren gorakada etenik gabea da Euskal Herrian. Aste Santuko datu ofizialik ez dugu oraindik, baina Turismo eta Ostalaritza zuzendariak aurreratu duenez, aurten ere errekorra izan dugula dirudi. Aurten ere inoiz baino turista gehiago egon da Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Aste Santuan eta baita Pazko astean ere, baina gorakada honek ba al du mugarik? Turista kopurua aintzat hartuta, oraindik ez gara limitera iritsi. Biztanleriaren ikuspuntutik, ordea, saturaziora iristen ari garela pentsatzen dutenen artean alarmak pizten ari dira, Bilbo eta Donostiako alde zaharreko biztanleen aldetik, batez ere.

Turismoaren gorakada positiboa da EAEko ekonomiarentzat, non Barne Produktu Gordinean %6ko ekarpena duen. Horrez gain, turismoaren hazkundeak beste hainbat ondorio positibo ditu: garapen sozioekonomikoa ekartzen du helmuga turistikoetara, lanpostuak sortzen ditu, teknologian inbertsioak egiten dira, eta ondare kulturala berreskuratzeko balio du, besteak beste, eta hori ahaztu behar ez den errealitatea da. Honela, orain arteko estrategia geroz eta turista gehiago erakartzea izan da.

Tamalez, ordea, turismoak askotan ondorio negatiboak dakartza, masifikazioa eta gentrifikazioa kasurako. Turistak gune jakinetan pilatzeak bertakoak gero eta arrotzago sentitzea dakar, eta beste lekuetara mugiarazten ditu. Ondorioz, gero eta oihartzun handiagoa dute komunikabideetan masifikatutako gune hauetako biztanleen kexak:turistez gainezka gaudela; turisteklekua kendu digutela; eta gure bizimodua aldatzen ari direla. Hala ere,kontuan hartu behar dugu ikuspegi hori pertsonen pertzepzio bat dela,eta horrek ez duela jasate ahalmenaren fenomenoa bere osotasuneanazaltzen.

Biztanleriaren eta bisitarien arteko oreka mantentzea garrantzitsua da turismoa arazo bihurtzea nahi ez badugu. Turismoaren gorakada era estrategikoan kudeatu ahal izateko, inteligentzia turistikoa ezinbestekoa da. Eskuragarri dauden datuak era integratu eta sistematikoan lantzea ekarriko du inteligentzia turistikoak, turismoaren fluxuak zeintzu diren ezagutu ahal izateko, eta masifikatuen dauden monumentu, leku edo kaleak zeintzu diren identifikatzeko. Baina hori ez da erraza; izan ere, beharrezkoak diren datuak ez baitaude beti eskuragarri eta ez baitira beti era sistematiko batean jasotzen. Horrez gain, eskura dauden datuak ez dira helburu integral batekin lantzen edo aztertzen, eta egiten diren hausnarketak, gehienetan behintzat, turismoari alde batetik edo bestetik begiratzen diote.Horri aurreegiteko Turismo Behatokiak eratu dira, Euskadihelmuga turistikoa Smart Destination edo helmuga turistiko «adimentsu» bihurtuahal izateko. Helmugaturistikoa inteligentziaz hornituz lortuko dugu turismorekin harremanetan dauden enpresa, erakunde eta instituzioei etorkizunera begira erabaki estrategiko eta egokiak hartzen laguntzea.

Turismoaren gorakada errealitatea da, eta, oraingoz behintzat, mugarik jo ez dugula argia da. Joera hau EAEren garapenerako aukera paregabea da turismoak ekar ditzakeen onurez baliatzerik badugu. Ez gaude Venezia edo Bartzelonaren egoera berdinean, eta, horrelako helmugekin alderatu beharrean, haiengandik ikasterik badugu, bide egokiak eta desegokiak zeintzu diren identifikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.