Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Google, katalanaren kontra

2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Kataluniako zenbait instituziok aste honetan argitaratu duten ikerketa batean, demostratuta geratu da, azkenean, orain dela hilabete batzuetatik egitate enpirikoa dena: bilatzaile ospetsuaren algoritmoan egindako aldaketaren batek ondorio tragikoak izan dituela katalanezko Interneten.

Ikerketan, zehazki, aztergai izan dituzte hiru eleko bertsioak dituzten 639 webgune, eta egiaztatu dute hirutik bitan trafikoa galdu duela katalanezko bertsioak, eta kasuen %80tan gaztelaniazko bertsiora aldatu dela trafiko hori, ez ingelesezkora.

Azterlariek baztertu egin dute erabaki politiko batek eragin izana aldaketa hori, eta berretsi dute ezen, inoiz iradoki izan denaz bestera, Googlek ederki bereizten dituela katalana eta gaztelania; hori kontuan hartuta, bilatzailea zergatik aldatu ote duten aztertzeko garaian, hainbeste arrazoi ere ez daude aukeran.

Ez dakit, Martxelo eta Maria, zuen herrialdean ere halako polemika pizten duen gai honek, baina kontua da aldaketa horien ondorioz oso itzalpean geratu dela katalana sarean. Azken hilabeteetan, Googlen sartuz gero, katalanezko edukiak gaztelaniaren mende agertzen dira hegoaldean, eta frantsesaren mende iparraldean; horrek, azken batean, are gehiago gutxitzen du lehendik ere saretik kanpo aski gutxitua zegoen hizkuntza bat.

Itxura guztien arabera, aldaketa horrek zerikusia du Googleren estrategia komertzialekin; antza, haiek ere ez dira konturatu zer eragin izango zuen estrategia horiek ezartzeak. Eta Googlek jendaurrean adierazia du kezkatuta dagoela erabiltzaile katalanen protestengatik. Baina kontua da astea joan eta astea etorri ez dela ezer aldatzen.

Baliteke txosten hori oso mesedegarria izatea, zeren, oso ondo dokumentatua egoteaz gainera, Googleri frogatzen baitio, besteak beste, urratzen ari dela katalana lehenetsi nahi duten erabiltzaileekin duen konpromisoa.

Dena den, azterlan hau oroitarazpen bat da batez ere, gogora ekartzen duena normaltasunaren aldeko borroka inoiz baino konplexuagoa dela gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.