Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Goitibeheran

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Goitibeherei buruz mintzatu da, ikuspegi akademikotik, Jeremy MacClancy antropologoa Renon, Euskal Ikasketen Zentroan. Bai, herriko jaietako betiko goitibeherei buruz, kirola, jokoa eta jolasari buruzko kongresuan. Fragak «kalea nirea da» esan zuen garaian hartu zutela indarra goitibeherek; hasieran metalezko gurpilak zituztela, baina hori izotzean patinatzea bezala zela eta, beraz, gerora kautxuzkoak erabiltzen hasi zirela; orduko 50 edo 60 kilometroko abiadan jaisten direla, baina 130eko abiadara ere iritsi izan direla esan diotela goitibehera gidariek... Galdera-erantzunen tartean, goitibeherak euskaldunei buruzko metafora poetikoa izan daitezkeela esan diote MacClancyri; Gabriel Arestiren Maldan Behera poema liburua gogoratu diote; Coca Cola sponsor gisa erakartzeko jardun ikusgarria iruditu zaio beste bati.

Ez diote aipatu, baina krisi ekonomikoaren metafora ere izan zitekeen: aldapan behera abiada bizian eta norabidea kontrolatu ezinean, MacClancyren goitibeherak bezala. Edonon zaudela ere, ez dago gaiari ihes egiterik. Bazoaz aireportura Vancouverretik datorren irakaslearen bila eta, nongoa zaren jakin duenean, ez du zalantzarik egin: Espainiako ekonomiaren atakaz jakin nahi du, ea eutsiko diogun. Utzi duzu irakaslea ostatuan, piztu duzu kotxeko irratia, eta esataria ekonomia adituari galdezka ari zaio: zer neurritan eta zertan eragingo digu estatubatuarroi Espainiako krisiak? Gero jakin duzu Jamaikako kazetariak zer galdetu duen Washingtonen, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Mundu Bankuaren bileran: espainiarrak Karibeko hotel ugariren jabe direnez,zer eragin izango du Espainiako krisiak Karibeko ekonomian?

Beldurrak airean daude, Espainiako eta Europako lokatzek denak zikinduko dituztelakoan. Ez da harritzekoa, inguru hauetan zer entzuten eta irakurtzen duten kontuan hartuta. Ez, gainera, edozeinen eskutik. Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak denbora darama ohartarazten austeritate neurriek ez dutela Europa krisitik aterako. Azkenaldian handi samarrak botatzen ari da, gainera. Europaren suizidio ekonomikoa izenburuko artikuluan (The New York Times, apirilak 15), Espainia kokatzen du krisiaren epizentroan, 1929ko crash-aren ondorengo Estatu Batuekin parekatzen du Espainia, eta errematea: «Zaila da desesperazio sentipena saihestea. Oker ari direla onartu beharrean, Europako liderrak beraien ekonomia —eta beraien gizartea—amildegiaren ertzera eramaten ari direla ematen du. Eta mundu osoak ordainduko du prezioa». Blogean ez du beldur gutxiago ematen. Apirilaren 13an, Espainiaz eta Europako liderren errezetez ari dela, azken esaldia: «Pentsatzen hasia naiz sistema osoaren hondoratzerantz ez ote goazen». Krugmanen egunkariko editorialistek ez diote kontrakorik. Hilaren 15ekoan, Raxoik hezkuntzan eta osasun arloan proposatutako murrizketak hizpide: «Austeritateak ez du inon funtzionatzen. (...) Helburuak betetzeko bide onik gabe, neurri txar batzuk proposatu ditu Raxoik, hala nola lehiakortasun ekonomikoa hobetzeko beharrezkoak diren inbertsio publikoak are gehiago murriztea (...). Atzoko etxebizitza burbuila ordaintzeko biharko lan indarrari iruzur egiteak ez du zentzurik ekonomiaren ikuspegitik».

Eskerrak, austeritatea gora eta austeritatea behera, Botswanako elefantearen berririk ez duten, egin duzu zure baitan. Baina oker zaude. Irrati-iratzargailua ostiral goizeko zazpi eta erdietan hizketan hasi zaizuenean, une batez gazteleraz egin dizu: «Lo siento mucho. Me he equivocado, y no volverá a ocurrir». Errege diskurtsoa osorik eman dute jatorrizko bertsioan NPR irrati erdi publikoan. Kaleko jendearen iritzia jaso dute Madrildik bidalitako kronikan, Juan Carlos erregeak austeritatez jokatzeko eskatu zuela gogorarazi du kazetariak, baita elefante ehiztaria WWF elkarte ekologistako ohorezko presidentea dela ere, 13 urteko bilobaren tiroarena ere ez zaio ahaztu, eta xehetasun historikoa eman du: Francisco Franco diktadoreak izendatu zuen oinordeko. Estatubatuar batez bestekoa albistea irribarrez entzuten imajinatu duzu, Spain is different esamoldea gogoan.

Eta MacClancyrentzako galdera berandu bururatu zaizu: nolatan ez duen, goitibeherei buruzko hitzaldian, Espainiako monarkia aipatu ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.