Irene Arrarats Lizeaga.
BIDEBERRITZEN

Geure baitakoak

2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

Duela urte batzuk, euskara gain behera joan bai baina orain baino biziago zegoela, bazirudien normalizazioak salbatuko zuela; orain, normalizazioak eta estandarizazioak aurrera egin duten honetan, euskarak gain behera segitzen du, arnasguneetako erabilera urritu eta adierazkortasuna histu ahala. Normal-normal eta bizi-bizi ez hiltzeko, bada zertaz gogoeta egin, estatusaren alderdi guztietan ez ezik, baita corpusaren alorrean ere, gure esku dagoen heintxoan behintzat.

Hizkuntza guztiak aldatuz doaz, eta, zorionez, euskara ere bai, hizkuntza hilak baitira beren hartan irauten duten bakarrak. Horra hizkuntzen bizilegea. Gurean, ordea, egoera soziolinguistikoaren ondorioz, guztiz bihurritua dago aldabide hori, transmisioa —onenean ere— erdi etenda dagoelako: gaur egun, euskara deserrian bizi da esparru gehienetan, muineraino sartuak baititu beste bi hizkuntza, bai bere lurraldean, bai hiztunen aho-belarrietan. Horregatik, tradizioaren eta premia berrien arteko negoziazio etengabe batean ibili beste biderik ez dago, euskara ahal den gutxiena baina behar den guztia alda dadin; horrek esan nahi du ez litzatekeela txarra geure egitea komunikazioari —bere luze-zabalean eta dituen adar guztietan— onuraren bat dakarkion guztia, baina bazter batean utzirik ez adierazkortasuna, ez zehaztasuna eta ez ekonomia linguistikoa hobetzen ez duten imitazio zozoak.

Zer, noiz eta nola komeni zaigun aztertzeko, komunikazio-esparruen adar guztiak ongi bereizten ohitzea da, nire ustez, oraindik egiteko daukagun lan printzipala: erregistroak (lagunartekoa, formala, zientifiko-teknikoa, literarioa...); igorleak (hizkuntzaren profesionalak eta oihartzun publikoa dutenak, batetik, eta gainerako hiztunak, bestetik); hartzaileak (eskolatze-maila, hizpideari buruzko jakintza, euskalkia eta euskara-maila...); esparrua (nazionala, eskualdea, herria...); generoa (kazetaritza, saiakera, ikus-entzunezko fikzioa, komikia...), eta abar. Zertan ari garen, bada, horrexen arabera moldatu behar baitira hizkuntza-hautuak, bertsolariak plazara eta txapelketara egokitzen diren bezalaxe. Eztabaida askotan, ordea, hori guztia kontuan hartu gabe botatzen dira bateko eta besteko iritziak, dena bat eta bera balitz bezala, esparru batean egokia dena beste batean ere hala balitz bezala ezinbestean.

Norekin ari garen, non, zertarako: hori guztia bi aldiz pentsatu gabe bereizten da hizkuntza guztietan, eta hiztunek horren arabera moldatzen dute mintzoa edo idazkera. Badakite, esaterako, komunikabide baten estilo liburuaren irizpideek ez dutela zertan egokiak izan beste komunikazio-egoera batzuetarako, hala nola lagunarteko solas edo txioetarako; badakite forma arautuak bere tokia duela, araua behar dela baita lizentzia hartu eta araua hausteko ere, literaturan eta bestetan efektu bereziak, hitz-jokoak eta abar egin nahi badira. Rayuela (Ulises bezala, Estilo-ariketak bezala) ezinezkoa izango zen ondo finkaturiko araurik gabe: Cortazarrek ezingo zuen glíglico-a asmatu gaztelania guztiz estandarizaturik egon ez balitz; hori, jakina, ez da idaztean hutsak egitea, baizik eta nahita eta ohartuki arautik apartatzea, efektu literario eta espresiboak sortu nahian.

Hori guztia bereiztea eta komunikazio-gaitasuna lantzea dagokie euskara langai duten profesionalei eta oihartzun publikoa dutenei. Ez da batere gauza berezia landu behar hori: bertsolariak ere gogotik ahalegintzen dira, eta burua nekatzen —disimuluan, eskuen dardara ezkutaturik—; horrela gozarazten dituzte besteak, eta horrela gozatzen dira berak ere.

Gure egoera soziolinguistikoa kontuan harturik, ulertzekoa da kazetari hasiberri batek ez jakitea, esaterako, zordun zer den, nahiz eta garden-gardena izan. Hori eta beste gauza asko ez jakitearen apologia egitea, hots, norberaren muga profesional agerikoak munduaren neurritzat hartzea eta bertan goxo egitea, ez da edozerkeriaren zuribidea baino. Egoera soziolinguistikoa ezin da aitzakia izan profesionalek ezjakintasunaren apologia egin dezaten. Komunikatzaileak nekatu egin behar du, bai: ez garbizale izateko, eta ez mordoilozale izateko, baizik eta irakurleak/ikusleak/entzuleak batere nekerik har ez dezan... ahaleginik eskatu behar ez duten generoetan noski, zeren, arlo batzuetan, hala nola testu espezializatuetan, terminologia ikasi egin beharko baitugu ulertuko badugu, euskaraz eta munduko erdara guztietan. Naturaltasuna, askotan, ez baita batere naturala, baizik eta gogotik landua.

Gaztetxo askorentzat, esaterako, eskolako hizkuntza da euskara, ez besterik. Naturaletik, batere ez. Arnasguneetako argota —halakorik baldin bada— nola bihurtu, neurri batean behintzat, argot nazional, halakorik ez duten eskualdeetan erdarara jotzera kondenatuak egon ez daitezen? Euskaraz ere fikzioaren fikzioa sinesgarria izan dadin? Nola egin erakargarri kontrakulturan ere euskaraz aritzea? Gaur egun, Euskal Herriko toki askotan, haurtzaroa gainditzeko iniziazio-erritu bat da erdaraz egitea. Eta erdarazko Doraemon artifizialtzat jotzen duten gazteek ezin dute, nahita ere, euskal ikusle segitu, ez baitute euskarazko fikziorik, ez telebistan, ez zinemetan, eta apenas antzokietan eta Interneten. Horren ondotik dator ondorioa: artifiziala omen da euskaraturiko zinema, esaterako, eta gaztelaniara itzulirikoa, berriz, txit natural... -tzat joa. Zerekin ohitu, hura gustatu.

Erregistroak, komunikazio-egoerak eta gainerakoak ondo bereiziko baditugu, ordea, igo beharko dugu beste koska bat ere: hizkuntza-aurrejuzguak gainditzeko aldapa pikoa. Ez digu batere mesederik egiten norberaren etxeko moldeetan eta gustuetan bakarrik oinarrituta epaitzeak euskara ona zer den eta zer ez, besterik ez balego bezala, kontuan hartu gabe makina bat gauza, hala nola ahozkoa eta idatzia ez direla gauza bera (Blas de Oterok zionez, hitz egiten den bezala ez da idatzi behar, baina hitz egiten ez den moduan idaztea ere ez da komeni). Gainera, sekulako eta betiko ahaztu behar genuke euskara garbia euskara baino hobea delako kontu hori: utikan garbizalekeria lexikoa eta, batez ere, sintaktikoa. Onar dezagun behingoz ezen, bai diskurtso konplexu bat sortzeko, bai munduko literatura eta saiakera euskaratzeko, ezinbestekoa dugula zeina, ezen, non, zeren eta gainerakoak erabiltzea, gure klasiko zahar eta berriek erabiltzen dituzten bezala, zaharrek hizketan zergatik erabiltzen duten bezala. Euskara asmatua dago aspaldi.

Garbizalekeria lexikoak ekarri du, esaterako, anitz ia zernahitarako erabiltzea, adiera batzuetan plural eta multiple nazioartekoak erabili beharrean (gizarte plurala, jaiotza multiplea, esklerosi multiplea); zuzentarau nahiago izatea direktiba nazioartekoa baino; interakzio baino gehiago ikustea elkarrekintza... Eta, bai, hitz horiek guztiak euskarazkoak dira, nazioarteko kultura-hitzak direnez gero.

Izan ere, eskizofrenia moduko bat dugu: hitz garbiak nahiago ditugu, nahiz eta beste ordain batzuk euskarazkoak, nazioartekoak eta ulerterrazagoak izan, baina, era berean, maite dugu erdal usaina duen guztia; hura bai, berehalaxe ikasia: balioan jarri esamoldea dugu azken erakusgarrietako bat.

Euskal Herri osorako estandarrean auto erabiltzea proposatzen denean, esaterako, ez da garbizalekeriaz proposatzen: halako hautuek elkarrengana hurbiltzen gaituzte Iparraldekoak eta Hegoaldekoak. Euskaraz ari garenean ere bereizten baikaituzte gaztelaniak eta frantsesak. Estandar nazional bat behar dugu, denentzat erosoa, zubiz betea. Horrek ez du esan nahi, jakina, lagunartean, etxean, bertsotan eta Hegoaldean giroturiko fikzio batean kotxe esatea desegokia denik. Ondo komunikatzea testuingurura egokitzen jakitea da.

Eta falazia bat da zuzentasuna eta komunikazioa kontrajarriak balira bezala aurkeztea: zuzentasunak ez du bermatzen komunikazio egokia, eta zabarkeriak ere ez. Iritzi-artikulu bakoitzean lau ergatibo ahazteak ez du komunikatzaile hobea bihurtzen idazlaria. Hizkuntza bera da araua; hizkuntza, sistema gisa. Eta hori deskribatu eta jaso baino ez dute egiten akademiak, gramatikariek eta hiztegigileek... hizkuntza normalizatuetan. Normalizatzeko bidean direnetan, hau da, hizkuntza zokoratu gutxitu azpiratuetan, hori ez ezik, proposamenak ere egin behar izaten dituzte, zoritxarrez. Eta kosta egiten da, bai, oso denbora gutxian egitea mintzaira hegemonikoetako hiztunek berez, senez eta mendeen mendez eginikoa. Horra geure baitako lantegi kolektiboa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.