Martxoan izan zenMy Laiko sarraskia ere. Herenegun bete ziren, hain zuzen ere, 44 urte: 1968ko martxoaren 16an hil zituen soldadu amerikar talde batek 500 vietnamdar inguru, guztiak zibilak, asko haurrak eta zaharrak. «Gerra infernua da», azalduko luke Leon Pannetta Pentagonoko buruak, orain egin duen bezala, ordukoa azaltzea egokitu izan balitzaio.
105 soldadu estatubatuarrek hartu omen zuten parte Vietnamgo sarraski hartan, William Calley tenienteordearen agindupean. Calley bakarrik zigortu zuten. Tenienteordeak ez zuen ukatu herrixkako vietnamdar guztiak hiltzeko agindu zuenik; bere defentsan, bera ere aginduak betetzen ari zela argudiatu zuen: «Bertara joan eta etsaia suntsitzeko agindua jaso nuen. Horixe zen nire lana. Misio hori eman zidaten. Ez nintzen jarri pentsatzen gizonezkoei, emakumezkoei edo haurrei buruz. Denak berdin sailkatuta zeuden, etsaiak ziren, eta sailkapen horren arabera jokatzen genuen han. Jasotako aginduen arabera jokatu nuela uste nuen orduan, eta halaxe uste dut orain ere. Ez dut uste gaizki jokatu nuenik».
Bizitza osorako espetxe zigorra ezarri zioten. Epaia jakinarazi eta hiru egunera, zigorra etxean betetzeko aukera eman zioten, Richard Nixon presidenteak hala aginduta. Calleyren aldeko kanpaina indartsua abiatu zen berehala, Georgiako gobernadore Jimmy Carterrek eta, besteak beste, Alabamako, Utahko eta Mississippiko gobernadoreek bultzatuta; Arkansas, Kansas, Texas, New Jersey eta Hego Carolinako legebiltzarrek Calleyri zigorra barkatzeko eskatu zuten. Azkenean, hiru urte eta erdi baino ez zituen egin etxean giltzapetua.
Sona handia hartu zuen My Laiko sarraskiaren arduradunak bere garaian. Kantu bat ere egin zioten, eta diskoaren 200.000 kopia saldu omen ziren. Hitzak: «William Calley da nire izena. Lurralde honetako soldadua naiz.Nire eginbeharra betetzeko konpromisoa hartu nuen (...). Baina bilau bihurtu naute, markatu egin naute».
Calley epaitu eta hilabete gutxira, Harvard unibertsitatean ikerketa egin zuten auziari buruz, inkesta batean oinarrituta: armarik gabeko zibilak tirokatu eta hiltzeko agindua jasoz gero jende gehienak agindua bete egingo lukeela uste zutela erantzun zuten bi herenek; norberak zer egingo lukeen galdetuta, agindua betetzeari uko egingo lioketela erantzun zuten inkestatuen herenek, eta agindua bete egingo luketela, erdiek.
Sarraskia gertatu eta 41 urtera, 2009ko abuztuan, bakarmena eskatu zuen William Calley zahartu batek, 66 urterekin, jendaurreko ekitaldi batean: «My Lain egun hartan gertatu zenagatik damua sentitzen ez dudan egunik ez da».
Afganistani begira gaude orain AEBetan. Horixe dauka mundu osoan soldaduak edukitzeak, munduko jendarme lana nork bere gain hartzeak: berdin da arazoa zer bazterretan sortzen den, gehienetan tartean zaude. Soldadu estatubatuar batek 16 zibil afganistandar hil dituela eta, Leon Panettak esan du gerra infernua dela, eta Barack Obamak agindu du ikerketa bururaino eramango dutela, erruduna edo errudunak zigortuko dituztela.
Baina Afganistanen ez dira batere fio. Bertakoek ikusi zutenarekin ez dator bat amerikarren bertsioa: Pandjwaiko herrixkan 16 zibil (tartean 9 ume) talde batek hil zituela diote bertakoek, eta ez soldadu bakarrak, AEBen bertsio ofizialak dioen bezala. Ikertzaile afganistandarrei hilketa leporatu dioten soldadua galdekatzeko aukera ukatu izanari usain txarra hartu diote Afganistanen, eta jarrera hori gogor salatu du Hamid Karzai presidenteak. Azkar asko eraman dute akusatua, Kuwaitetik barrena, Kansasko egoitza militar batera. Filtrazioen arabera, Irakeko gerran hiru egonaldi egin ondoren, laugarren gerra misioa zuen Afganistangoa. Estrespean zegoen orain, eta alkohola edan zuen hilketen egunean. Dagoeneko irakurri dugudominak eta aitortzak jaso zituela aurreko hiru misioetan. Sona hartuko du izenak. Kanturik ez ahal diote egingo behintzat.
Handik eta hemendik
Gerra infernua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu