Gero eta desoreka gehiago eskolan ere

BERRIA.
2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gizartean dauden desoreka ekonomiko eta sozialak gero eta handiagoak dira eta diru-sarrera eskasak dituen familia-unitateak gero eta zailtasun handiagoak ditu gainerakoentzat egunerokoak eta ohikoak izan daitezkeen baliabideetara iristeko.

Ikasgelak gizartearen isla baino ez dira eta ikasleen artean dauden desoreka sozial eta ekonomikoak nabarmenak dira.

Hala ere, eskolak ez dio errealitate honi nahikoa begiratzen, eta ikaste-prozesuan natural-natural barneratu ditu bere eguneroko jardunean edonoren eskura ez dauden baliabideak; izan IKTak, izan klaseetako ikasgaiak indartzen dituzten eskolaz kanpoko ekintzak, dirutza balio duten hizkuntza-tituluak...

Hauek guztiak ez ditu hezkuntza-sistemak hornitzen. Etxeetan izan behar ditugu ordenagailua, Internet, inprimagailua... etxetik ordaindu behar ditugu ingelesa, kirola, musika... Eta... badira baliabide hauetara iristeko arazoak edo ezinak dituzten ikasleak. Gero eta gehiago dira, baina ez ditugu ikusten.

Ikaste-prozesuak orokorrean diseinatzen ditugu. Artalde bati begira. Guztiak berdinak balira bezala. Berdinak jatorriz, izaeraz, gustuz, jarreraz, baliabidez, interesez...

Izan ere, gu irakastera dedikatzen gara. Arreta gehiago jartzen dugu irakaste-prozesuan ikaslearen ikaste-prozesuan baino, eta horrek eramaten gaitu norbanakoaren inguruko hausnarketa oso gutxi egitera.

Eta zein da bidea? 180 graduko buelta eman behar diogu hezkuntza-sistemari. Hasi gara zenbait osagai aldatzen, baina sistema eraldatu behar dugu, ez soilik aldatu.

Hasteko, ikaslea jarri behar dugu ikaste-prozesuaren erdigunean, eta ikaslea diodanean ez dut generikoan hitz egiten. Ez naiz ikasle-multzoaz ari. Ikasle bakoitzari buruz ari naiz, norbanakoari buruz. Bere egoera, bere iragana, bere ingurua, bere baliabideak, bere ahalmenak, bere ezinak, bere gustuak, bere egonezinak, bere kezkak eta bere ilusioak hartu behar ditugu ardatz bere ikasketa-prozesua planteatzeko orduan. Hezkuntzako profesionalen egitekoa ez litzateke hainbeste irakastea izan behar; ikasleari, izan eta egin nahi duen horretan laguntza osoa emango dion bidelaguna izatea baizik.

Honek, besteak beste, hau dakar:

· Ikasle bakoitzaren inguruan gehiago hausnartzea eta norbanakoengan arreta gehiago jartzea.

·Aurrekoa egin ahal izateko geletako ratioak jaistea.

·Ikaslea erdigunean jarriko duten metodologia aktiboak planteatzea.

·Profesionalok geletan egin beharrekoa guztiz birplanteatzea eta iraultzea. Profesionalen rola iraultzea.

·Ikaste-prozesuan ikasleak behar dituen baliabideak hezkuntza-sistemak berak jartzea eta ikaste-prozesua eskolan bertan gauzatzea etxean edo eskolaz kanpoko ekintzetan dirua eta denbora inbertitu beharrik izan gabe.

Azken honi helduko natzaio. Ikaste-prozesua nagusiki eskolan gauzatzen da egun, baina ezinbesteko bihurtu dugu etxean ere lan egitea eta eskolaz kanpoko ekintzekin osagarritzea.

Honek sekulako eragina dauka baliabide gutxiago dituzten ikasleengan, ume-umetatik atzetik doazelako beraien garapenean. Ez dugu atzera begiratzen eta bidean uzten ditugun ikasleak ikusten. Ebaluazio-diagnostikoa eta antzekoak egiten ditugunean jasotzen ditugu aldagai soziokulturalak, eta emaitzek argi eta garbi adierazten digute sekulako eragina duela aldagai honek ikaslearen ikaste-prozesuan eta emaitzetan, baina konstatazio horretan gelditzen gara. Jakin badakigu, baina ez diogu gaiari heltzen.

Eta bitartean, egunerokoan, etorkizuneko klase-desorekak sendotzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.