Egun gutxi batzuk barru bueltatuko dira haurrak eskolara. Lehenengo eguneko goiza joango zaie kontatzen zer egin duten udan. Batzuek goiz osoa beharko dute egin, ikusi eta gozatu duten guztia kontatzeko. Beste batzuei, aldiz, minutua ere luzeegi izango zaie.
Gelakideak dira. Demagun, eskola bakarra dagoen herri batean. Baina gelakide izateak ez ditu berdinduko. Batzuk klinika pribatuan jaio ziren, gurasoek aseguru pribatua dutelako. Besteak, ospitale publikoan. Batzuk oporretan Alpeetan ibili dira familiako autokarabanan. Besteak Saloun edo Peñiscolan lau izarreko hotelean, mantenu erdian edo osoan. Izango da hegazkina hartu eta Mexikon barrena ibili denik ere. Batzu-batzuek Landetako kanpin batean pasatu izan dituzte hamar egun. Eta izango dira beste batzuk, herrian geratu direnak eta eskolako patioa izan dutena jolasleku udan ere.
Ikasturtea hastearekin batera, eskolaz kanpoko jardueren zerrenda ere ailegatuko zaie. Herriko musika eskola bakarrean apuntatuko dira batzuk. Eta pianoa jotzea aukeratuko dute. Zenbaitzuei gurasoei esango diote aukeratzeko gitarra-edo, txikiagoa eta, batez ere, merkexeagoa baita. Eta ez dagoenean ziurtatua Mozart bat daukazunik etxean, ba tira… gehiegitxo arriskatzea izan liteke. Eta izango da musika eskolara joango ez denik. Ez musika eskolara, ez beste ezertara.
Eta horrela, ume-umetatik ikasiko dute sozioekonomia. Batzuen Nike eta Levis arropak besteen Decathlon edo Alcampokoekin alderatuz. Eta handituko dira, eta norbaitek sinetsaraziko die ikasteak eta saiatzeak saria duela.
Meritokrazia. Baina etxean dirua duenak beti izango du aukera gehiago ikasteko, saiatzeko, merituak irabazteko. Are, ikastea gustatzen ez bazaio ere. Lasai, izango da zerbait berarentzat ere.
Gelakide izateak ez baitu inor berdintzen.
MELE
Gelakideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu