Manex Mantxola Urrate.
ELE

Gaztetasuna eta zaharkeria

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Zahar gazten arteko hau da parabola: zuzen esplikatzia hein bat gogor da. Gaztea ez daiteke adin batez molda, gorputza sendo eta azkar du odola: zahar'ez da hola; iragan denbora, etortzen gogora, et'ezin kontsola...».

Haurtzaroan Laboari ikasitako kanta. Gerora, Willis Drummonden bertsiora oihukatu eta izerditua.

Eta ohartzerako 30 urteen atarian zaude. Zure karterako iraungitze daten lasterketan aurre hartu dio gazte-txartelak kondoiari. «Gure garaian» eta «egungo gazteak» bezalako esamoldeak biderkatzen zaizkizu inguruan. Behinola konbikzioz kaxkamoztutako kalparra arroz soro baten gisara dakarzu Turkiatik bueltan. Gora altxata sistema bera birrindu zezakeen ezker ukabilak Mercadonako zimurren aurkako krema bat estutzen du orain. Albistegiko argizarizko panpinaren hitzek ere ez zaituzte lehen bezala sumintzen. Zure arabera, duela 50 urteko kanta baten bertsioak soilik merezi du egungo euskal abangoardia musikalaren zigilua —ez da plana letra berriak ikasten hastea—. Gazteen egungo tonua ez duzu atsegin, kutsatze-tasaren gorria darie. Gaztetxe garaiko kalimotxoa ozpindu zaizu zainetan.

Ulertu ezinaren beldurra eta izan ezinaren inbidia nahasten zaizkizunean ohartzen zara berreskuratu ezinezko hori guztia arbuiatzea duzula oso sentitzeko bide bakarra. Zorionak, gorroto zenuena zara. Heldua? Ez, zaharra.

Eta autokonplazentziaren gudan geratzen zaizun azken lubakian gotortzen zara, nostalgian. Baina egungo nostalgia, kamarada, ez da garai batekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.