Musika da gazteek eta nerabeek euskal kulturarekin daukaten harreman indartsuena eta, askotan, bakarra. Gazteak inguruan dituen edonork daki haien egunerokoaren osagai ezinbestekoa dela: musika partekatzen dute sare sozialetan une oro; musika entzuten dute aisialdian ia etengabe; zuzeneko musika da, maiz, sozializaziorako lehen aukeretako bat.
Baieztapen sinple eta begi-bistako honetatik abiatuta, aurten, musikariak eskoletara eramateko programa abian jarri du Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak. Ez da hutsetik abiatutako ideia. Atzean Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) urte askoan egindako lana eta gogoeta dago, baita irakasle eta musikari askok hainbat ikastetxetan egindako ahalegin anonimo eta bakana ere. Baina aurten, lehen aldiz, egitasmo antolatua bururaino eraman da: Nafarroa osoko 37 ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko bi milatik gora ikaslek hogeita bi musikariren bisita jasoko dute azaroan eta abenduan zehar, gelan. Sortzaileek euskal musikaren azken hamarkadetako bilakaera azalduko diete, norbere musika eta letren sorbideaz ariko zaizkie, eta hainbat kanta ere zuzenean joko dituzte.
Saio batzuk egin dira, eta balorazioak oso onak izaten ari dira. Behar zen programa da Musikariak Ikastetxeetan. Behar zen administrazioaren esku hartze hau, kulturaren transmisioan daukan ardura dela eta. Baina urrats gehiago egin daitezke.
EIBZk berak Eskolako Literatur Kanona izeneko ikastaroa diseinatu eta martxan jarri zuen iaz. Egitasmoaren helburu nagusiak bi dira: «batetik, Euskal Hizkuntza eta Literaturako ikasgeletan literatura hezkuntza lantzeko liburu-zerrenda —Eskolako Literatur Kanona— proposatzea; bestetik, liburu horiek lantzeko proposamen-didaktikoak eskaintzea». Hainbat adituri iritzia eskatu eta bakoitzak liburu sorta proposatu du, adinaren arabera sailkatua. Hori ez ezik, aukeratutako liburu horien inguruan material pedagogikoa sortu dute, proposamen didaktikoak gelan lantzeko. Batzuk frogatu dira jada ikastetxeetan, eta gehiago landuko dira ikasturte honetan.
Bi egitasmo hauek helburu bera dute: transmisioa. Euskal kulturak sortutako lanak kontsumitzaile izango direnengana eramatea. Bidexka txiki bat obratzea sortzaileen eta gazteen artean. Diagnosia aspaldi egina baitago: sorkuntza maila handia dago, baina kontsumoa apala. Euskaraldia bultzatu duen ebidentzia bera dago sorburuan: balizko hiztun asko, benetako ahobizi gutxi.
Hezkuntzatik eta hezkuntzarako pentsatutako egitasmo hauei beste urrats bat eskatu beharko litzaieke: ikastetxetik kanpo ere eragitea. Onartzen baldin badugu eskola ez dela nahikoa ohiturak aldatzeko, eta hortik kanpoko aisialdiak, jolas ohiturek eta harreman ez formalek hizkuntzaren geroan duten erabateko garrantziaz kontziente bagara, zer egin dezakegu ikastetxe barruan landutakoa indartzeko? Aprobetxa genitzake musikariak Nafarroako herri aunitzetan egiten ari diren bisitak herriko kultur guneetan kontzertu txikiak antolatzeko? Literatur kanonerako proposamen didaktiko horiek irakurle klubetarako egokitu litezke? Aukera franko zabaldu daitezke, baldin eta administrazioak, kultur eragileek eta sortzaileek esperientziak eta gogoetak partekatzen baldin badituzte.
Badirudi horretarako giroadagoela aspaldian. Aprobetxatu beharko genuke.
Gazteak eta sortzaileak lotu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu