Garaiezinak, geraezinak

2015eko urriaren 11
00:00
Entzun
Gertatzen da hauteskunde kanpainako borroka bera amaitu ostean, eta boto zenbaketa bazter utzita ia, beste hainbat astetan segitzen duela borrokak, talde bakoitzari onuragarrienak zaizkion emaitzen interpretazioa ezartzeko ahaleginean. Horrek azal dezake I-28an ez zirudiela, Kataluniako eta atzerriko prentsako izenburuak Espainiakoekin alderatuz, hauteskunde berberei buruzko informazioa zekartenik.

Baina, benetan galduagatik ere hauteskundeak irabazteko ahalegin hilurreneko horretaz harago, edo bozkario handirik gabe irabazi behar direla disimulatzeaz harago, azkenean botoak eta indar politikoa dakartzate emaitza gisa. Eta, kasu honetan, ebidentzia enpirikoak argi erakusten du, inolako interpretaziorik gabe, 2012an independentziak 24 eserleku lortu baldin bazituen 2015ean 72 lortuak dituela. Eta ebidentzia bat da, halaber,

I-27rako deialdiaren ikuspegi plebiszitario «inperfektutik», eta parte hartze ezinago handiarekin (erroldaren %77,5), botoen %48 lortu zutela baietzaren aldekoek, eta %39 ezetzaren aldekoek; %12, berriz, «erabakitzeko eskubidea»-ren aurreko pantaila aurrean geratu ziren, eta %1ek ez zuen eman auziaren inguruko iritzirik.

Nire ikuspegitik, Junts Pel Siren hauteskunde kanpainak hainbat hutsegite izan zituen; ikusten errazagoak, jakina, emaitzak jakin ostean. Hala, bada, ez zuen lortu bere helburu nagusia: hots, konbentzitzea ehunka mila «zalantzati», zeintzuk ez baitziren existitzen, lehendik ere esana nuenez. Ez zuen lortu geraraztea, halaber, beldurraren botoa, «arriskuari herra» zietenena, ez zietelarik erantzun nahi izan Espainiako Estatuak, estatu erakunde askotarikoek eta komunikabide ezinago borrokazaleek egindako mehatxuei.

Eta, zer egin orain emaitza horiekin? Izan ere, jakinekoa da konplexutasuna duela bereizgarri Kataluniako gizarte aurreratuak. Manifestatu behar dugunetan ere, ahalik eta modurik konplexuenean manifestatzen gara: kolore lerroak, zati koloreztatuak… Baina konplexutasun hori ongi baliatzeak dakarzkigu aurrerabiderik handienak eta garaipen beharrezkoak. Egia baita, ezin ukatuko dugu, kudeatzen errazago izango liratekeela beste emaitza batzuk. Esaterako, 66-70 eserleku lortu izan balitu Junts Pel Sik, edo botoen %55 lortu izan balituzte Junts Pel Sik eta CUPek. Baina zilegi bekit pentsatzea inbestidurarako hitzarmen handiagoak lortzeko premiak erraztu egingo dituela hurrengo urrats batzuk.

Nolanahi ere, inork ez du zalantzan jartzen hotsandiko independentzia adierazpena egingo dela Parlamentuan; inolako ondoriorik gabeko adierazpen formal bat, bai estatu egiturak prestatzeko eta bai sezesiorako negoziazioak nola aurrera eraman zehazteko agindua onartu beharraz. Ikusi egin beharko da, halaber, nola geratuko den abendutik aurrera Espainiako Gobernua, jakitearren zeintzuk diren negoziatu ahal izateko marjinak. Eta, azkenik, gizarte zibilak aztertu egin beharko du nola hautsi A-9an eta I-27an lortutako bi milioi botoen sabaia faltsua; batik bat, herritarren artean sektore berriei parte harrarazteko Kataluniako konstituzioa berriaren inguruko eztabaida parte hartzailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.