Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galizierazko Letrak

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Galegozko Letren Eguna 1963ko maiatzaren 17an hasi ziren ospatzen, orain dela ia hirurogei urte. Galiziera eta galizierazko letrak frankismoan erreibindikatzeko eguna zen. Frankismoak pluraltasun eta aniztasun linguistikoaren aurka egin zuen, eta Galizian gaztelania inposatzeko prozesuan sakondu: XV. mendearen hasieran hasia zen prozesua, Errege-Erregina Katolikoen monarkiarekin, Carlos Callonek ondo aztertu zuen moduan. XIX. mendetik aurrera, beste molde batzuetara jo zuen galiziera gaztelaniarekin ordezkatzeko prozesuak, espainiar nortasuna eratzeko proiektuaren parte zenez gero.

Galizieraren egoera aldatu egin da hirurogei urte hauetan. Aurrerapen formalak egin dira itxuraz, ustezko koofizialtasun baten instituzionalizazioaren bidez. Koofizialtasun horri esker sartu zen pixkanaka galiziera ordu arte debekatuta zeuzkan esparru batzuetan, hala nola irakaskuntzan. Hala ere, azken hamarkadetan, galizierak azkar-azkar galdu ditu hiztunak, eta horren erakusgarri da belaunaldi berrien artean jaitsi egin dela galizieraz hitz egiten dutenen kopurua. Alde horretatik, Espainiako Estatistikako Institutuaren (INE) datuek erakusten dute 15 urtetik beherakoen %23,90 ez direla gai galizieraz hitz egiteko.

Galizieraren eta gaztelaniaren arteko bereizkeria begi bistakoa da gizarteko arlo guztietan. Gainera, bostehun arau inguruk behartzen dute gaztelaniaz egitera bizitza sozialeko esparru askotan, eta, aldiz, ez dago galizieraz egin beharra ezartzen duen lege testurik, Auzitegi Konstituzionalak hainbat epaitan ezarritako doktrinak zehazten duenez. Gainera, gaur egun Galizian ez dago irakaskuntzako lerro publikorik galiziera hutsean, Alberto Nuñez Feijooren lehen gobernuak kendu egin baitzituen.

Francisco Fernandez del Riego idazlea omendu dute aurten Galizierazko Letren Egunean. Hain zuzen ere, hark proposatu eta bultzatu zuen duela hirurogei urte egun hori antolatzea, gizartean galiziera bultzatzeko eta gure kultura balioesteko prozesua sustatzeko. 1963an hasitako bidea egiteko dago, eta denbora helburuen aurka doa; hain justu, neurri handi batean, helburu horiengatik aritzen gara urteko egun guztietan Nòs Diario-n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.