Joan den asteartean, Galeusca: hiru herri erabakitzeko bidean mahai inguru digitala moderatzeko aukera eman zidan Hamaika Gara elkarteak. Hizlariak, Maria Xose Bravo Via Galegakoa, Marcel Mauri Omniumekoa eta Amalur Alvarez Gure Esku-koa. Galizia, Katalunia eta Euskal Herria, elkarren berri ematen eta eztabaidatzen. Hiru errealitate desberdin, eta horregatik hiru bide desberdin leku berera iristeko; bakoitza bere erritmoarekin, bere metodologiarekin, bere baliabideekin... Garrantzitsua da elkar ezagutzea.
Urteetan gure hiru herriotako idazleak izan dira Galeuscari eutsi diotenak, haien arteko bilkuretan bakoitzaren ekoizpenaren berri eman eta komunak diren gaien gaineko eztabaidak zabalduz. Idazleen aurretik, alderdi politikoen arteko hainbat itun egon dira 1923an hasita, izen horrekin edo antzekoekin; gehienetan oso koiunturalak, eta unean uneko interesen arabera ehundutakoak, elektoralak askotan.
Mahaian parte hartu zutenek azpimarratu zutenez, eraginkorra izan liteke helburu bera —autodeterminazio eskubidea teoriatik praktikara eramatea—daukaten hiru herrietako eragileek Galuesca sektorialak antolatzea, nork bere eremuan; ezin konta ahala esparru baitaude aritzeko: kultura, sindikalismoa, ikerketa, unibertsitateak, hizkuntza politikak, kirola, ekonomia, kanpo harremanak...
Hondar aleak pilatuta osatzen da hondartza; gure hiru komunikabideok bi arlotan aktibatu dugu Galeusca azken urteotan gure xumean: udako narrazioak, eta igandeetako orrialde hau. Guk bezala, beste eragile askok ere abia ditzakete horrelako egitasmoak, elkar aberastuko gaituztenak, eta gure arteko zubiak eraikitzen eta sendotzen lagunduko digutenak.
Beti kosta egiten da proiektu hauei bultzada ematea, nahikoa lan edukitzen dugulako gure eguneroko zereginetan, baina dudarik ez dago egindako ahaleginak bere fruituak emango dituela. De la Sota, Cambo, Irujo, Agirre, Castelao eta beste horrenbeste izen lotuta daude Galeuscarekin. Zergatik ez orain?
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Galeusca berpizteko garaia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu