Galdeketen zailtasunak eta artalde efektua

2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Inkestek gradu desberdinetan dute eragina hauteskunde lehian eta boto dinamikan. Oraingoan, inpaktua oso esanguratsua izan da, galdeketen emaitzek PPk martxan jarri zuen beldurraren kanpaina indartu dutelako. Adituak ez ziren gai izan eztabaida publikoaren azpitik mamitzen hasi zen joera iragartzeko.

Aurresateen kalitatea ulertzeko, hiru elementu izan behar ditugu kontuan. Lehenengoa inkestaren aspektu teknikoak dira. Hautetsontzietako irteeran egiten diren inkesten kalitatea txarra da. Ez ditugu eskura izaten xehetasun teknikoak, eta parte hartzaileak auto-hautatu egin dira, hau da, erantzuteko borondatea duen pertsonaren portaera jasotzen da bakarrik. Harrotasunezko botoa gain ordezkatu egiten da (Podemos) eta lotsatua azpi ordezkatu (PP). Bestelako galdeketak, aldiz, fidagarriagoak dira alderdi bakoitzak aterako dituen portzentajeak neurtzerakoan, betiere lagin egoki batek ematen duen errore tartea txikia bada. Normalean emaitza asmatzeko duten uherdura nagusia partaidetzaren gorabeherekin dago lotua.

Beste kontu bat da jarlekuen esleipena egitea. Asmatzea zaila da bigarren elementuagatik, hauteskunde sistema eta lehiaren forma (alderdi-sistema eta borroka ardatz kopurua). Espainiako kongresurako jarlekuen ia bi heren hamar diputatu baino gutxiago duten barrutietan hautatzen dira. Kasu hauetan azkeneko jarlekuaren esleipena erraz alda daiteke boto gutxi batzuen gorabeherekin. Hemen inkestek huts egin dezakete ez dutelako lagin ordezkagarririk hauteskunde-barruti txiki eta ertainentzat. Galdeketa bakarrak izan ohi du ordezkagarritasuna barruti guztientzat, CISekoa, baina maiatzekoa Elkarrekin Ahal Dugu sortu aurretik hasi zen egiten. Horri beste azalpen bat erantsi beharko genioke. Aurresateak egin dituzten enpresa gehienek galdeketen trataera kontserbadore bat izan dute. Artalde fenomeno antzeko bat gertatu da: inkestek markatzen zituzten joerak berretsi dituzte enpresa gehienek gainontzekoen aurresateetatik ez desberdintzeko gehiegi, ze kontrakoa egin izan balute eta asmatuko ez balute prestigioa gal dezakete konpetentziarekin alderatuta. Huts egiteari beldurra da.

Azkenik, hirugarren elementua koiuntura dugu. Gertaera zehatzek hauteskunde portaeraren joerak irmotu edo alda ditzakete. Gogoratu Madrileko 2004ko maiatzaren 11ko atentatuen inpaktua hauteskundeetan. Hamabi urte beranduago Brexit-az hitz egiten da PPren garaipena azaltzeko, gertaera hau oso ondo lotu da Rajoyk gidatu duen beldurraren kanpainarekin. Elementu koiunturalak zeresana izan du Erresuma Batuan ere.Jo Cox diputatu laboristaren aurkako hilketa jazo aurretik, inkestek erreferendumaren emaitza asmatzen ari ziren. Baina diputatu laboristaren aurkako atentatua gertatu eta ordutik aurrera galdeketak huts egiten hasi ziren, seguruenik Brexit-aren aldekoen artean batzuk lotsatu eta botoa ezkutatzen hasi zirelako. Fenomeno horri aurre egiteko ez zegoen sukalde lana egiterik, ez baitago serie historikorik. Espainian, aldiz, sukaldeek huts egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.