Esnatu eta ura edan. Pentsatu: «Ze ona ura». Begiratu mugikorra. Norbaitek idatzi badizu, ordu txikitan idatzi badizu, ez erantzun oraindik. Inork idatzi ez badizu, sinetsi zu bezala gabonak ospatzen ari ez den jendea badagoela. Abenduak 22: San Totomas biharamuna, eguberri bezpera, santamasak Arrasaten. Abenduak 22: igandea, atzo larunbata, bihar astelehena. Gosaltzerakoan irratia piztu ordez jarri podcast bat —modaz, literaturaz, astrologiaz—; egunkaria irakurri ordez, hartu liburu bat. Eman paseo bat gabonak ez ospatzeko gelditu zaren lagun horrekin. Galdetu ea zer moduz gaua. Pentsatu: «Kaka. Gabonak ez balira ez niokeen halakorik galdetuko». Bere erantzuna: «Ondo, beti bezala». Beti bezala, beti bezala. Paseoan zoaztela begiratu gabonetako argiei, eta deitu argi. Begiratu balkoitik zintzilik dagoen panpina txapel-beltzari eta ikusi arropa esekita. Sartu tabernara. Entzun: «Yingelbel, yingelbel, yingelbel all the way». Konturatu eta barre egin: «Yingelbel» abestu duzulako beti, eta «yingelbel» nola izango da ba? «Yingelbel» zuk asmatu duzu, «yingelbel» ez da existitzen, gabonak bezala.
Gabonak ez ospatzeko jarraibideak
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)
Ordenatu