Gure irakurleek, lerro hauek irakurtzerako, jakingo dute zein taldek irabazi duen gizonezkoen futboleko Espainiako Kopa. Osasunak eta Real Madrilek jokatu zuten partida,atzo, bi taldeetako zaleek erdi bana bete zuten futbol zelaian (Sevilla, Espainia).
Futbolari oso gertutik erreparatzen ez diotenentzat edo erabateko indiferentziarekin begiratzen diotenentzat, ikaragarria da mugitzen duen dirutza. Harrituta geratzen dira; ez da gutxiagorako, dantzan dabiltzan milioiak ikusten dituztenentzat: hala taldeek darabilten dirua nola inguruak mugitzen duena.
Jokalarien soldatak dira diru mugimendu horretan argi gorria pizten dutenak. Lehen mailetan jokatzen dutenen soldatak, noski, ez beheko mailetan dabiltzanenak. Lehen mailako jokalari horietako gehien-gehienek beren herriko gobernuko presidenteak baino diru dezente gehiago irabazten dute.
Telebista eskubideek gero eta pisu handiagoa daukate taldeetako aurrekontuetan, bereziki bazkide kopuru handia ez daukaten taldeetan. Diru kopuru horiek asko handitu dira partida garrantzitsuak mundu osoko telebistetan eskaintzen hasi direnetik, mundu osoko merkatua zabaldu baitzaie emisio eskubideen jabetza daukaten taldeei eta horiek biltzen dituzten erakundeei.
Azken urteotan, bazkideak jabe zeuzkaten hainbat taldek izaera erromantiko hori galdu dute, eta jabe baten ondasuna izatera igaro dira. Jabetza hori bi eratakoa da. Batetik, norbanako aberatsak daude, eta, bestetik, are okerragoa dena, estatuak. PSG frantziarra Qatarko emirrarena da, eta Arabiar Emirerri Batuak dira Manchester City ingelesaren jabeak. Hamar herrialdetan erosita dauzka futbol taldeak azken estatu horrek.
Hori horrela izanda ere, onartu beharra dago futbolzaleak ez direnetako askok ospatu egiten dituztela beren lurraldeko taldeen garaipenak.
Azken oharra, bukatzeko. Euskal Herriko gizonezkoen lehen mailan, Osasuna da euskarazko izena daukan bakarra. Sortzaileek argi zeukaten non zeuden sortu zutenean.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Futbolaren gorabeherak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu