Futbola pandemia garaian

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bill Shankly Liverpooleko entrenatzaile izandakoak behinola honela definitu zuen futbolaren oihartzuna: «Batzuek uste dute futbola hil ala biziko auzia dela. Ziurtatzen dizuet hori baino askoz serioagoa dela». Christian Bromberger Frantziako antropologoak bere liburuetako baten izenburura eraman zuen «futbola munduko huskeriarik garrantzitsuena» delako ideia. Ohitura izan da iritzi publikoan, eta azken urteotan, gizarte zientzietan ere, futbolaren garrantzia nabarmentzekoa. Hala ere, gaur egungo COVID-19aren pandemiaren atakan, hainbatek arrazoitu dute, munduan milaka heriotza eragiten ari den gaitzaren aldean, futbolaren gisako ikuskizunak ezereza direla. Areago, Arrate Orueta Athleticeko jokalari ohi eta Gurutzetako ospitaleko medikuak martxoaren 31ko BERRIAn esan zuen pandemiak futbola «dagokion tokian» jarri duela, eta «neurriz kanpo» dagoena aldatu beharra dagoela. Hori aurreikusteko zantzurik bada? Bestela esanda, orain gizarte berria ezagutuko dugu?

COVID-19ak Mendebaldeko belaunaldientzat aurrekaririk gabeko krisi bat eragin du, eta guztiz erasan die gizarteko egitura guztiei, bizitza publikoa eta aisialdia deuseztatzeraino. Ingurumenak ere atsedena hartu du kontsumo eta kutsaduran oinarritutako gizarte garapenetik. Aitzitik, gaitzak hainbesteko ondorioa utziko du, orain arteko Mendebaldeko gizateria eredua eraldatzeraino? Joera dago horrelako gertaeren ondotik gauzak erabat aldatuko direla aldarrikatzekoa, baina litekeena da hainbeste ez aldatzea ere. Zentzu horretan, pentsa daiteke ere futbolak aste batzuetan galdutako erdigunea berreskuratuko duela, are gehiago Realaren eta Athleticen arteko Espainiako Errege Kopako finala zerumugan dagoela. Kirol ekitaldiek, eta nagusiki futbolak, gizarte antolamenduak, dogma politikoak eta kultur balioak modu sinbolikoan islatu izan dituzte orain arte. Aurrerantzean ere eremu egokia izango da futbola gizarteetan izan daitezkeen aldaketak edo egokitzapenak ikusteko.

Egoeraren aurrean, Alaves-Baskonia taldeak aldi baterako lan erregulazioa ezarri die bere beharginei, gizarteko bestelako enpresen bideari jarraituz. Osasunak, Realak eta Athleticek, berriz, jokalariekin ituna egin dute, eta, txapelketa dagoen moduan amaitzen bada, jokalariek diruaren %20 inguru irabazteari utziko diote. Iker Muniain Athleticeko kapitainak honela azaldu zuen Bilboko taldearen langileen ikuspegia: «Athleticek behar baldin badu, jokalariak laguntzeko prest daude». Balio-epaian sartu gabe, lagundu aditzak aditzera ematen du futbolarien aparteko estatusaren sinesmena, gizartean ohiko langileek ez dutena. Jokalarien soldata eskerga Euskal Herrian alde askorekin jende gehien erakartzen duen ikuskizunetik eratortzen da, eta, batez ere, hedabideetako jarraipenetik. Ostera, ikuskizuna egiteko modurik ez bada, ezin ekonomia etekina sortu, eta beste ekonomia sektoreen logikara makurtzen da handinahizko futbola ere, klubek ongi dakiten moduan.

Ez dagokio testu honi futbol enpresa eta futbolarien jarrera epaitzea. Gizarte zientzietatik esan daitekeena da futbolak, ekonomiako beste jarduerek bezala, pandemiaren errealitatera umilki egokitu behar duela. Horrek ez du adierazten, ordea, futbola gertaera arrunta denik, eta, garrantzi gehiegizkoa eman izan bazaio, gizartearen balioen ondorio da. Pandemiak gizartea aldatuko ote du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.