Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Fukushiman, zaharrak berri

2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Itsasoan urak handi dira, eta Japoniako gobernuak horretaz baliatzea erabaki du. Atzo ekin zion Fukushimako ur kutsatuak ozeanora isurtzeari: mila tona ur baino gehiago jaurtiko ditu hamarkadak iraungo duen prozesuan.

Isuri aurretik, ura tratatu egiten dute pozoi erradioaktiboak iragazteko. Hala ere, hautatutako prozesuak ezin du isotopoetako bat garbitu: tritioa. Kaltegarria ez dela diote. Ez dakit. Isurketagatik haserre bizian kexatu diren gobernuek —Txinakoak, adibidez— nik baino gehiago jakingo dute gaiari buruz; azken finean haiek urtero botatzen dute Japoniak isuriko duen baino hainbat bider tritio kantitate gehiago ozeanora. Frantzia, are adituagoa: 520 bider tritio gehiago itsasoratzen du urtero.

Baina tritioa ez da bakarra: karbono-14ak ere izkin egiten dio aukeratutako iragazketa prozesuari. Isotopo hori tritioa baino askoz kaltegarriagotzat hartzen da, baina Japoniako gobernuaren arabera, behin ozeanoan disolbatuta ez luke arriskurik ekarriko. Egia litzateke ozeanoa urtegi esterilizatu erraldoia izango balitz; aldiz, izaki bizidunez gainezka dago: disolbatu beharrean, izaki horiek karbono-14 frakzio bat metatu egiten dute beren organismoetan. Eta handik kate trofikoan gora egiten du guganaino iritsi arte.

Gauza berbera gertatuko litzateke gainerako isotopo erradioaktiboekin, isuri aurreko iragazketa prozesuak behar bezala funtzionatuko ez balu. Izan ere, prozesuaren eraginkortasunari buruzko informazio urriegia eman da eta ura egoki garbitu ote den jakiteko analisiek zehaztasun nahikorik ez dute; hala salatu dute gobernuarekin bildu diren zenbait zientzialarik. Gobernuaren planaren alde agertu da jendaurrean IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia, eta hura partaide ez-neutraltzat hartu dute beste zientzialari batzuek.

Edonola ere, kasurik okerrenean aska litekeen isotopo erradioaktiboen kantitatea oso txikia litzateke, 2011ko istripuko isurketekin konparatuta. Eta erabat ñimiñoa, XX. mendean zehar Pazifikoan egindako arma nuklearren proba guztien ondoan. Nire asmoa ez da Japoniako Gobernua egiten ari denari garrantzirik kentzea, baizik eta azpimarratzea oraingo arazoa ez dela bakana.

Isurketa honek ez du itsasoa fosforeszente bihurtuko, baina joera arriskutsu baten adierazgarria da. Ezin dugu irtenbide onargarritzat hartu modu mugagabean kutsadura ozeanoan diluitzea. Ur kutsatua itsasoratzeaz gain, bazeuden beste alternatiba batzuk, gobernuak kontsideratu ere egin ez dituenak. Ozeano Bareko herrialde gehienen kexuei entzungor egin die. Japoniako herritarren egonezina arbuiatu du. Aldebakarreko erabakia hartu du sekretismoan bilduta, zientzialarien kezkei ere bizkar emanda.

Horrelako jokaerak ez dira arrotzak, ez Euskal Herrian, ez beste inon. Gertatzen ari denak kontzientzia pizteko eta erantzun ekologista indartzeko balio dezala, alferrik da-eta ura joan ondoren presa egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.