Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Frustrazioa

2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Sentitzen dugun gogo, desira edo behar bat ase ezinak sortzen du frustrazioa. Antsietatea eragin dezake. Mendebaldeko gizartean geroz eta nabarmenagoa omen da ezezkoak kudeatzeko gaitasun gabezia. Eta ez dira umeez soilik ari. Norbere adimen osasunarekin ere badu zerikusia. Frustrazioei aurre egiteko adina indar edo baliabide ez duenak haserrea du ihesbide, eta haserreak askotan ukabil itxia eta jasoa dakar, alegia, erasoa. Egonkortasun pertsonalaren araberakoa baldin bada frustrazioen aurrean dugun tolerantzia, ez naiz harritzen gaur egun ezezkoek eragiten dituzten ondorio lazgarriak eragitea.

Dena orain eta hemen nahi dugun garaiotan ezezko batek egun osoko plangintzaren gainbehera ekar dezake zenbaitengan. Aurreikusitako asmoak guk irudikatu bezala ateratzen ez badira, akabo! Min hori eragin digunarekiko jarrera oldarkorra jar dezakegu martxan. Haur batengan lurrean etzan eta ostikoka hastea gerta daiteke, baina ezezkoak onartzen eta bideratzen ez dakien heldu batek bestelako arma batzuk ditu hanka eta esku artean, eta badakigu noraino hel daitekeen.

Bigarren pertsonarik ez dagoen kasuetan, izan azterketaren baten aurrean edo lan kontuetan, hainbeste ahaleginen ondoren emaitzarik iristen ez bada, mundua gainera jausten zaigu.

Bizitzak aurrean jartzen dizkigun erronkei aurre egiteko gaitasuna lantzea ez al da ezinbestekoa? Bata bestearen atzetik datozen porrotei baikortasunez hausnartuz erantzutea baino modu eraginkorragorik ba al dago?

Zoriontasunaren gakoa eta errealitatea den bezala onartzen ikasteko giltza hor dagoela iruditzen zait. Hori ondo egiteko gai bagina, psikologoek lan gutxiago izango lukete, eta harreman enpatikoagoak eta eramanerrazagoak eraikiko genituzke. Antsietateak ez luke gure ongizatea hainbestetan zigortuko ezezkoa elkarbizitza osasuntsu baten parte dela sinetsiko bagenu. Ziur nago umetatik ezezko bidez mugak jartzen asmatuko bagenu, bizitza asko salbatuko genituzkeela. Bizitzan A eta B planak izatea komeni da, gure asmoa, guk nahi bezala lehenengoan bururatuko ez bagenu, geure buruaz beste egin ez dezagun. Xantaia emozionalak antzematen trebatu behar gintuzkete umetatik. Janari azkarra eta erabili eta bota lemapean bizi gara, baina bizitzaren dema beste bat da. Eta denak ezin du orain eta hemen izan. Ezezko bat jaso baduzu, badakizu zer egin behar duzun. Eta bestela laguntza eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.