Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Fraga, Fraga, Fraga

2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ikasle garaian unibertsitateko milizian ibili zenean urteroko sailkapenean lehena izateko merituak egin omen zituen Manuel Fraga gazteak, aldearekin, baina bigarren postua baino ez zioten eman. Arduradunaren azalpena: «Espiritu militar handiegia». Anekdota gaiztoa The New York Times-ek argitaratu zuen, ez joan den astelehenean hilberrien atalean argitaratutako soslaian, 1969ko urtarrilaren 25ean ateratakoan baizik.

1962tik zen Francisco Francoren ministro; 1966an zentsura bertan behera utziko omen zuen legea jarri zuen indarrean, baina, hiru urte geroago, hara egunkari amerikarreko izenburua: «Espainiako zentsore berriro». Legea indarrean zenetik, Fragak edizioak konfiskatu, hedabideei isuna jarri eta egunkari bat lau hilabetez itxiarazi zuela zioen kazetariak. Soslaia zazpi hilabete geroago argitaratu izan balu, euskal aldizkari bat ere itxiarazi zuela azaldu ahal izango zuen, Yakin-i abuztuan iritsi baitzitzaion txanda. Fragak iragan falangistarik ez zuela zioen, baina batzuetan «falangisten alkondara urdina» janzten zuela: «Ziurrenik akatsa izan zen Fraga liberaltzat hartzea». Zukua du soslaiak: «Esaten dute Franco jenerala ordezkatu nahi dutenen artean dagoela». Horretarako leku egokia topatu ezinik omen zebilen, ordea, frankismo barruko sektore nagusi bateko edo besteko kide ez zenez: «Batera eta bestera dabil».

Kasinoan amaitzen da soslaia: «Fragak bere apustuak etengabe aldatzen dituen erruleta jokalari urduria ematen baldin badu, honegatik da: Franco jenerala hiltzean, gurpila gelditzen denean, bolatxoa gorri liberalean edo beltz totalitarioan egokituko den inork ez dakielako». Informazio ministroaren hatzaparrak ez ziren New Yorkeraino iristen.

Lehenagotik ere aipatu zuten Fraga New Yorkeko egunkarian. 1963an, Julian Grimau komunistaren exekuzioari buruzko azalpenak ematen ageri da, zigorra nekez kenduko ziotela jakinarazteko; hurrengo egunean fusilatu zuten.

1966an Palomaresen bainu bat hartzen ere ageri da: kazetariak dio ez dakiela Fragaren txantxa izan zen edo nahi gabe esan ote zuen, baina urpekariak artean itsasoan bonba nuklear galduaren bila zebiltzan bitartean, kostalde hartako atrakzio onenetakoa «ur azpiko arrantza» zela adierazi zuen ministroak.

1968ko ekainean, Pardinesen, Etxeberrietaren eta Manzanasen hilketen ondorengo giroan, Madrildik Donostiara telefonoz deika ageri da Fraga, dagokienei presaz jakinarazteko Inaki Sarasketaren exekuzioa bertan behera uzteko. 1976an ere hor da, jakina: Fraga Alemanian zela, Poliziak bi langile eta ikasle bat hil zituenean, martxoaren 4ko albistean; Gasteizen hildakoak lau zirela, gainera Basaurin beste bat hil zutela, Fraga Gasteiza helikopteroz iritsi berria zela, eta anarkiarik ez zuela onartuko esan zuela, martxoaren 8koan.

ETAk Angel Berazadi enpresaburua hil zuela azaltzen zuen albistean ere ageri da ministroa, 1976ko apirilaren 9an, «terroristek gerra nahi badute» gerra izango dutela ohartarazteko, «ondorio guztiekin». Edota, 1977ko apirilean, ordurako ministro ez zela, Espainiako Alderdi Komunistaren legeztatzearen aurka hizketan, «akats politikoa larria» zela esanez.

Bada artikulu menturaz esanguratsu bat, 1976ko martxoaren 3an bertan datatua, artean Gasteizko hilketen berririk zabaldu ez zenekoa. Espainia irakiten zegoela azaltzen zuen erreportajean, berriemaileak anekdota bat kontatu zuen, Fraga nor zen azaltze aldera: «Lehengo egunean hoteleko harrera gelan sartu zenean, jendeak 'Fraga, Fraga, Fraga' oihukatu zuen, oraintsu arte 'Franco, Franco, Franco' oihukatzen zuen erraztasun berarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.