Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Forcadell hiru urteren ondoren

2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Bihar astelehena osatuko da Kataluniako Parlamentua. Bihar, Junts Pel Sik eta CUPek Carme Forcadell aukeratuko dute Kataluniako legegintza ganberako presidente. Gogoan dut oraindik nolako zirrara eragin zidan parlamentura iritsi zen egunean, 2012ko irailaren 11ko arratsaldean, ANCk antolatutako lehen manifestazio egunean. Manifestazio hartan, gogoan izango duzu, ezin ginen mugitu ere egin. Lehengo erara egin zen deialdia, ibilbidea kalean egiteko asmoz; izan ere, inork ez zekien eta ez zuen espero gaur egungoak bezalakoa izango zenik: gaur egun ibilbiderik ez da izaten, herritarrek kaleko espazio osoa okupatzen dutelako.

Kontua da halako batean Carmeren eta ANC hasiberri hartako beste buruzagi batzuen bila etorri zirela, eta parlamentura eraman zituzten, martxa bukatzekoa zen tokira. Elkar agurtzera. Atetik sartu ahala, ezkerreko areto handian sartu zituzten, patio zaharra estaltzen duen gelara. Mikro bat zegoen, eta bandera bat, atzean. Ezkerrean, hainbat taldetako diputatuak jarri ziren, ilaran, eta eskuinean, ANCko kideek osatutako talde heterogeneo bat. Oholtza txiki baten gainean jarri ziren parlamentuko presidentea, Nuria de Gispert, eta Carme Forcadell.

Orduan, Forcadellek, mikroa hartu, eta, aurrena, esan zuen manifestarien izenean zegoela han, parlamentuari eskatzeko has zezala Espainiatik bereizteko prozesua. «Sezesio» hitza erabili zuen, eta hitz tabu horrek trumoi batek bezalako burrunba egin zuen beiraz hornitutako areto itzel hartan.

Bihar, deskribatu dudan eszena horretatik hiru urte eta hilabete igaro direla, Kataluniako Parlamentuko presidente berria izango da, eta iraileko arratsalde batez egin zuen eskari hura bizkar gainera eroriko zaio.

Horregatik, Martxelo, ez da harritzekoa Espainiako Estatua hain histeriko egotea, aste honetan ikusi dugun bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.