Astelehenean eta asteartean, Pegasus sistemaren erabilera ikertzen ari den Europako Parlamentuko ikerketa batzordea Espainiara bidaiatzekoa da. Kataluniako Parlamentuko ikerketa batzordearekin elkartzekoa da Madrilen, eta Espainiako agintari gorenekin ere bildu beharko luke, bai gobernuko presidentearekin, bai gorteetako batzorde batzuekin eta CNIrekin ere.
Hori teorian, zeren praktikan inork ez daki oraindik inorekin bilduko diren ere. Astelehena jaieguna da Madrilen; ez dakit zergatik, baina jaieguna da. Eta asteartean egingo dute Espainiako Legebiltzarrean Voxek eskatutako eta Tamames komunista zaharrak aurrera eramandako zentsura mozio zentzugabea.
Kongresuak zentsura mozioa egun horretan jartzea erabaki aurretik ere jakina zen Europako Parlamentuko ikerketa batzordea asteartean zela Madrilera joatekoa. A zer kasualitatea egun berean jartzea!
Oso zaila da, ezinezkoa dela ez esatearren, ez konturatzea dena nahita egin dutela. Espainiako Parlamentuak eta gure hiru nazioek mugakide duten herrialdeko agintariek ez dute Catalangate auziaren ikerketan laguntzeko inolako borondaterik; beraz, Batet presidenteak europarrak datozen egun berean jarri du zentsura mozioa, eta haiei esan die denak oso lanpetuta egongo direla egun horretan, zorte txarra izan dutela eta joan daitezela relaxing cup of cafe con leche bat hartzera Plaza Nagusira.
Kataluniako alderdiak eta elkarte zibilak sutan jarri dira. Espainiako filibusterismoak nabarmen gainditzen ditu imajina daitekeenaren mugak. Lehenengo, Bruselako bisita eragozten saiatu ziren, batzordea manipulatuta. Eta, orain, ezin izan dutenez bisita eragotzi, haien asmoa da bisita bera bideraezin egitea. Ez diete harrerarik egingo, ez dute ezer esango, ez dute erantzungo, ez dute lagunduko Pegasusekin Europan inoiz izan den espioitza kasurik larriena argitzen.
Europako ikerketa batzordeko kide batzuk saminez kexatu dira, eta azaldu dute parlamentuko batzorde bati inoiz egindako mespretxurik handiena izan dela. Espainiarrek uste dute modu horretan ez dietela errua egotziko eta arazoa saihestuko dutela. Oker daude. Egia da gauza batzuk argitzea zailagoa izango dela, baina beren kide europarrei argi eta garbi erakutsiko diete benetan nolakoak diren. Adi! Eskuindarrak zein ezkertiarrak, espainiarrak denak...
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Filibusterismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu