Feminismorik gabe, iraultzarik ez!

Josebe Iturrioz.
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ez gara emakumezkoen plataforma bat, kandidatura feminista bat baizik. Lehen Plazandreok-ek eta orain PlaZ!-ek beren zerrendak ireki behar izan dizkiete gizonezkoei, berdintasun legeak horrela behartzen duelako. Beraz, ez gara biologian oinarritzen den kandidatura bat, baizik erdigunean politika feminista jartzen duen kandidatura bat.

Baina badago alderdi tradizionalen eta PlaZ!-en arteko aldea: gure kandidaturan, gizonezkoek ez dute kuotarik; ez dituzte botere kargu guztiak okupatzen gizon izate hutsagatik. Edo, beste era batera esanda, lehentasun feministak ez dira baztertzen interes androzentrikoen alde. Nire ustez, kontua ez da guk justifikatzea zergatik garen feministak, baizik eta beste batzuek beren burua zuritzea matxismoa erroan jartzen duten alderdiak sortzeagatik. Azaldu beharko lukete zergatik diren oraindik gehiengoa gizon hegemonikoak (zuriak, klase ertainekoak, heterosexualak) botere zerrendetan.

Feminismoa ez da emakumeen kontu bat, baizik eta korronte politiko bat da, sexua, generoa eta desira ardatz gisa hartuz gizartea irakurtzen duena. Proposamen holistiko bat da, hau da, orokorra, eta ezin da ezkutatu edo baztertu trabak jartzen dituen departamentu sektorial batean. Egungo talde berri asko hasi dira esaten pertsonak erdigunean jarri behar direla, baina ez diote aitortzarik egiten ekonomia feministari. Urteak daramatzagu 2004tik aurrera esanez gizarte hau gaixo dagoela, merkatuen zentralizazioak ezkutatzen duela gizakia interdependentea dela, denok behar dugula bizirik irauteko gu zaintzea: hori da gure espeziearen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat; gizakia soziala (zoon politikon) bada, ez da kapitala pilatzeko, baizik eta elkarren beharra daukagulako bizitzeko, bizirik irauteko. Esan bezala, urteak daramatzagu esanez ez dela krisi ekonomiko bat baizik eta zibilizazio krisi bat, multidimentsionala, lehentasunak gaizki definitu direlako.

Gizakiaren auto-produkzio sistema ondo ulertzeko, sexua kategoria ezinbestekoa suertatzen da. Engainatu gaituzte; kapitalak espazio publikoa (administrazioa eta enpresa) sortu du, eta abstrakzio ekonomikoan, hau da, diru pilaketan oinarritzen den sistema ekonomiko bat eratu du. Baina gizakiarentzat bere espeziea nola produzitu eta zaindu da lehentasuna, eta ez alderantzik; laburbilduz: bizitzeko bizi, eta ez lan egiteko. Zaintza erdigunean jartzea bizitza erdigunean jartzea da, denon bizitza, ez soilik emakumezkoena. Horrek ez du esan nahi ahaztu dugunik etxe barruko lan gehienak emakumezkoak egiten dituztela oraindik, XXI. mendean.

Galdera da: nola da posible oraindik gizartea hain androzentriko eta matxista izatea? Esate baterako, bake prozesuaz mintzo gara egunero, emakumezkoak erailtzen dituzten bitartean. Baionan bi eraso, beste bat Bizkaian, eta ez da ezer gertatzen; holokaustoa ez bezala, feminizidioa ondo uka eta ezkuta daiteke.

Feminismoa urteak daramatza boterea era kritikoan pentsatzen; feminismoa da korronte inklusiboena. Oraintxe gure helburua aliantzetan oinarritzen den lanketa bat egitea da. Emakumeak, lesbianak, trans-ak, aniztasun funtzionalekoak, kaleratuak, pobreak eta feminismora gerturatu nahi duten gorputz eta eragileen arteko aliantza bat osatzen ari gara. Gure helburua eredua aldatzea da; feminismoak horretarako badu eskarmentua. Egin dugun lehenengo gauza gure arteko aniztasuna kudeatzea izan da, eta feminismo ezberdinen artean adostasuna lortu dugu; gu askotarikoak gara, eta prest gaude mundua bere dibertsitate guztiarekin, eta herritarrekin batera, kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.