Feminismo asko daude. Emakumeon zapalkuntzaren azterketa ezberdinak, horren aurreko proposamen ugari, alternatiba feminista ezberdinak. Guztiak feministak. Talde batek, korronte batek... ezin du guztiontzako alternatiba feminista eraiki. Askoren artean garatu beharko dugu alternatiba hori, feminismoa garatzeko era ugari baitaude.
Jendartea eraldatu nahi dugu eta eraldaketa horrek integrala behar du izan. Oso jendarte konplexuan bizi gara, zapalkuntza ugari eta ez bata bestearen gainean edo ondoan, baizik eta lotuta eta gurutzatuta. Eta horrek eskatzen du eraldaketaren subjektua askotarikoa izatea, askotarikoa eta barneratzailea, inor bazterrean utzi gabe. Subjektu horren ezinbesteko partaideak gara emakumeak, eta eraldaketarako bidea marrazteko feminismoen ekarpenak ezinbesteko osagaiak. Ez da erronka makala. Nola heldu erronkari?
Geuk feminismoa zehar-lerro moduan garatu behar dela uste dugu, hau da, jendartearen azterketa politikoa egiterakoan genero ikuspegiak, ikuspegi feministak eremu guztiak zeharkatu behar dituela: arlo sozioekonomikoa edota instituzionala, hirigintza, gizarte-politikak, irakaskuntza, kirola, fiskalitatea eta abar. Politikaren lehen planora ekarri behar ditugu askotan eremu pribatuan kokatuta egoteagatik alde batean utzitako gaiak, hala nola etxeko lanen balio ekonomikoa, pertsonen zainketaren ardura, sexualitateari lotutakoak...
Feminismoa geure eguneroko politikan txertatu nahi badugu, emakume feministak arlo ezberdinetan egon beharko dugu lanean. Eta ez bakarrik emakume feministak, arlo horretan lanean ari diren gizon-emakumeekin batera ikuspegi feminista txertatu beharko dugu arlo horren azterketan zein proposamenetan. Gure helburua ezin da izan emakumeok, gure aldetik, politika feminista diseinatu eta gero azterketa politiko orokorrei eranstea. Aldiz, lortu behar duguna da arlo ezberdinetako partaideek, gizon zein emakume, beraien arloari dagozkion berdintasunezko politikak diseinatzea. Horretan datza, hain zuzen, zehar-lerrotasuna.
Ez da lan erraza, talde politikoak ez baitaude jendartetik kanpo; aldiz, patriarkatuak ezarritako rolen banaketarekin egiten dugu topo, edo emakumeok parte-hartzeko oztopoak ez dira desagertzen ezkerreko talde batean egoteagatik. Feminismoen ekarpenak, kontzientzia feminista oraindik ez ditugu guztiok barneratu. Kontraesanak agertzen dira eta horiei aurre egin beharko diegu. Ildo horretan, emakumeen arteko sareak funtsezkoak dira. Aldaketak ez ditugu lortuko bakoitzak bere eremuan era isolatuan lan egiten. Esperientziak trukatzeko, zalantzak partekatzeko, indarrak hartzeko, animoak emateko… saretuta egon behar dugu.
Politika egiteko era bera aldatu beharko dugu, emakumeon parte-hartzeak aukera berdintasunean izan dezan. Esate baterako, lider bakar baten ordez, irudi kolektiboa bultzatu; lan indibiduala bainoago, elkarlana azpimarratu; ikusten denaren atzean dagoen lan ezkutua nabarmendu; egitura hierarkikoaren ordez, antolaketa-eredu parte-hartzaileak bultzatu; denboraren banaketan, bizitza pertsonala eta bizitza politikoa bateragarriak izateko neurriak jarri... Horrelako urratsak egiten baditugu, ziur gaude emakume gehiago egongo direla politikan aritzeko prest.
Euskal Herri feminista dugu helburu eta horren aldeko indarrak batzean ezinbesteko da mugimendu feministaren ekarpenak aitortzea. Hona ailegatu bagara, mugimendu feministak egindako lanari esker izan da, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Ez da nahikoa talde politikoetan feminismoa txertatzea; mugimendu feminista indartsua beharrezkoa da eta guztion arteko elkarlanaren bidez egingo dugu aurrera.
Feminismoa, zehar-lerroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu