martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Felipe Gonzalez eta Marey

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Espetxeak husteko garaian, oso erritmo motelean baina, Espainiako poliziak, fiskalak eta epaile batzuk tematuta daude berriro bete egin behar direla espetxeak ETAko kide ohiekin. ETAko biktimen erakunde batzuekin elkarlanean, garai bateko galdeketak, ikerketak, sumarioak, sententziak... ari dira errebisatzen, non topatu hari bat ETAko zuzendaritzako kidetzat jotakoen aurka egiteko.

Azken hilabeteotan ikerketapean jarritako gehienek urte asko eman dituzte espetxean, duela urte asko egindako epaiketetan zigortuak. Bakarren bat kartzelan dago oraindik. Ez da, nonbait, aski, eta urte gehiagotan ikusi nahi dituzte itzalean. Metodologia beti bera da, oso mekanikoa: ETAko zuzendaritzako kide izan zirela zabaldu eta, ondorioz, urte horietan ETAk egindako atentatuen arduradun intelektualtzat jo. Alegia, kide horiek emandako aginduak betez egin zirela atentatu horiek, eta, hilketa horiengatik bere garaian epaitu ez zituztenez, orain abiatuko dute ikerketa, segur aski, epaiketa eta zigor handia ekarriko dituena.

Ikus dezagun nola egiten diren gauzak egileak estatuko kideak direnean. Segundo Marey Hendaian bizi zen herritar xume bat zen, euskal gatazkarekin inolako loturarik eduki ez zuena. Mikel Lujua euskal errefuxiatuarekin nahastuta bahitu zuten Marey Espainiako Poliziak kontratatutako mertzenario batzuek, 1983ko abenduan. Marey auzia izena hartu zuen. Bahiketa horrengatik Jose Barrionuevo Barne ministroa eta Rafael Vera Estatu idazkaria hamar urtera zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak.

Felipe Gonzalez zen Espainiako presidentea Marey bahitu zutenean. Silogismoa erraza da. Ustez zuzendaritzako kide ziren ETAko kide horiena bada komandokideek egindako atentatuen ardura intelektuala, norena da Mareyren bahiketarena, ekintza horrengatik Gonzalezen aginte kateko hurrengo bi begiak zigortu bazituzten bahiketa hura egiteagatik? Felipe Gonzalezena.

Gonzalez ukiezina da. Neurri desberdina, beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.