Manex Mantxola Urrate.
ELE

Felipe erregeari gutuna

2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Felipe erregea,Argi diotsut, errege eta jaun txit goren, ni eta nire kideentzat ez zarela hala izan, baizik eta krudel eta esker beltzeko. Jakin baitakigu erreinu honetan noraino zaren fede eta hitz urratzaile, zure menetik eta Espainiatik banatzea deliberatu dugu eta lur hauetan denik eta gerra gupidagabe eta latzena egitea gure indarren mugetaraino.

Errege gutxi doaz infernura, gutxi zaretelako. Ez zaituztegu hartzen aintzakotzat eta zuen anbizio eta giza odolerako egarri asegaitzak ez gaitu liluratuko, adingabekotzat baituzue zuen burua eta gizon inuzente oro ero da. Zuen gobernua airea da, ez besterik.

Armen bidez eskura daigun dagokiguna, eskubidez zegokiguna ukatu baitigute.

Euskal lurretako basailu leialen seme eta heriotzera arte matxino,

Lope Agirre, Erromesa.

Honatx, Lope Agirre oñatiarrak, 1561ean bere marañoiekin batera Amazonasen gora balizko El Dorado baten bila zebilela, Felipe II.a—ez nahastu VI.-arekin— erregeari idatzitako gutunaren lagin bat. Hiru mende barru Simon Bolivarrek «Mundu Berriko lehen independentzia adierazpen» gisara aldarrikatuko zuena.

Gerora majo arduratu dira espainiar historialariak bere heresia zigorgabe gera ez dadin: Agirre Eroa, Agirre Tiranoa, Agirre Traidorea gisara bataiatuz. Pentsa, Euskal Herri osoan soilik Oñatik eskaini dio kale bat. Eta gauzak argi, gizasemea psikopata bat zen, bai, baina gure psikopata.

Eta badakigu ez dugula erreferente historikorik behar Espainiar erresuma ukatzeko, Frantzia ukatzeko Matalazen beharrik ez dugun bezala. Baina hor daude. Eta ezinbestean gogora datoz Atxagaren hitzak, Ruperren ahotsean:

«Arrazoina daukan, menturazaleen sasoia amaitu den. Baina non dira heroeak? Imajina ezina dun beste Lope Agirre bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.