Atzokoan fatxatu hitza erabili nuen, eta ezagun batek, ez dakit kontu-eske edo trufaz: «Gaur ere sartu diguk hik asmatutako hitz baten ziria!». Pozik erantzungo nion baietz, nik asmatua dela, baina Orotarikoan dago. Ostentazioa egiten duena da fatxatu bat. Fatxada hutsa. Eta hitzaren txispak noranahiko bideak hartzen ditu, iparra galdu duen suziritxo batek bezala. Lehen txinpartarekin, hitzak fatxa ekartzen digu gogora, eta ez da harritzeko:fatxa batek fatxada du kredentzial nagusia, ai, frankismo garaiko bigotetxo haiek, zer eta nolakoak ziren garbi uzten zutenak kanpotik ere! Ezker mutur puntakoenetik kolpean eskuin mutur puntakoenera pasatu direnak ere —ez naiz izenak ematen hasiko— fatxatu batzuk direla esan dezakegu. Ez dago imajinazio gehiegi jarri beharrik fatxatuk egin dezan bidea gaztelaniaz hain modan jarri den postureo adierazteko ere: adibidez, «fatxaturan dabil hori!» esanez.
Esandakoa: suziri koloretsu bat.
HITZ BESTE
Fatxatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu