Ane Garcia Lopez.
MELE

Fatx

2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Datorren asteburuan hasiko da jai giroa herrian. Bi urteko sasi-bakearen ostean, atzera dator dena: poza eta algara, eztabaida eta malaostia. Hondarribi style. Ez dut gehiago sakonduko, badakizue zertaz ari naizen.

Horrekin batera, kondeszendentzia ere jasan beharko dugu hondarribiarrok: «ezdutulertzen» edo «eskezepasatzendaherrihorretan» edo «joderoraindikhorrelazaudete2022an». Normalean emango nituzkeen erantzunak hauek dira, hurrenez hurren: ez, nik ere ez dut ulertzen; gertatzen dena oso konplexua da; bai, oraindik ere horrela gaude. Baina erantzuteari utzi diot.

Izan ere, orain jabetu naiz: erdi-gailentasunez begiratzen digun jendeari arrazoia ematearekin, nire herria mespretxatzearekin, iruzkin lagunkoi horiekin ere aspertuta nago. Eta badakizue zergatik? Denok daramagulako iratxo kontserbadore eta faxista txiki bat barruan. Bidasoaz gaindiko biztanle, bai, zuk ere bai.

Beste edonon gerta zitekeen. Bidasoko urak ez du hauts magikorik. Inguruko zenbait entzun ditut kexaka haien herrietako jaietan beti ordu jakinean egiten zen zerbait orduz aldatu dutelako, dantzarien jantziak behar bezalakoak ez zirelako. Beste zenbait entzun ditut justifikatzen ziur aski arrazistak diren mozorro eta jaiak. Hortxe, hortxe irteten da iratxoa dantzara. Gustuko edo ohiturazko dugun zerbait okertzat seinalatu edo ukitzen digutenean. Gure herrian iratxo horri hauspo instituzionala eman diote, hori da aldea.

Arantxa Urretabizkaiari entzun nion behin Hondarribia eta Irun izan direla txerto bat, gure eskualdeko jaietan azaleratzen den munstro hori Euskal Herriko beste zokoetara zabal zedin ekidin duena. Ez horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.