Gobernuek osasun politikan hartzen dituzten erabakietan eragin handiena duen sektore ekonomikoetako bat da industria biomedikoa. Irizpide merkantilistekin, ikertzen, ekoizten eta saltzen denaren jarraibideak ezartzeko gaitasuna du, hazkunde handia lortuz.
COVID-19aren pandemia heriotza kausa nagusia bihurtu da munduan, munduko ekonomia geldiarazteaz gain. Agentziak eta gobernuak, farmazia industria eta arrisku kapitala zifra astronomikoak inbertitzen ari dira sendagai bat aurkitzeko. Esate baterako, AEBetako ikerketa-agentzia bat mila milioi dolar inbertitzen ari da txerto bat aurkitzeko.
J&J eta GSK erraldoiek txertoak kostatako prezioan salduko dituztela ziurtatzen dute, «irabaziak geroago lortzeko zain», urtaroko txertaketekin.
Horren guztiaren erdian patenteak daude, estatuek beren jabeei hamarkada batean edo bitan asmakuntza monopolioan ustiatzeko pribilegioa ematen dien lege mekanismoa. Patenteek ez dute zerikusirik jabetza intelektualarekin eta ez dute berrikuntzarik sustatzen. Salgaiak dira, eta horrela maneiatzen ditu sistema kapitalista neoliberalak.
Patentea gizarte ezagutza pribatizatzeko eta merkantilizatzeko modua da. Ez da botikarik garatzen inbertsio publikorik gabe, diru laguntzen bidez edo behar diren jakintza eta teknologien bidez. Jakintzak, ezinbestean, jatorri soziala, kolektiboa eta historikoa duelako.
Ezker sozialaren irudimenean publikoa eta pribatua bananduta doaz, baina bereizketa hori azken hamarkadetan desagertuz doa. Unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta farmazeutikek estu-estu lan egiten dute, sarritan konglomeratu fisiko gisa, non langileak enpresak legalki kontratatuak izan baitaitezke unibertsitatean baliabide publikoekin lan egiten duten bitartean, eta alderantziz.
Estatu espainiarreko ikerkuntza zentroak, horien artean gureak, patente ekoizle lanetan dihardute. Arrisku gutxien dutenak baheztatu ondoren, multinazional gutxi batzuek merkaturatuko dituzte: inbertsio publikoa, prekarietate lokala eta onura pribatuak.
Ezker sozialetik, krisi honetan bereziki, patenteak bertan behera uztea, prezioak kontrolatzea, medikamentuen hornidura eta unibertsaltasuna bermatzeko farmazia publiko bat sortzea eta COVID-19aren kontrako diagnostikoak exijitzen dira. Neurri horiek adabakiak dira, baina beharrezkoak, arazoa produkzio zientifikoaren maila guztietan jakintzaren merkantilizatzearen oinarrian dagoelako.
ESK sindikatuak Industria Farmazeutiko Publikoa sortzea defendatzen du, plangintza demokratikoaren bidez, sozialki beharrezkoak diren farmazia produktuen ikerketa, garapena, ekoizpena eta banaketa kontrolatuko dituena.
Horretarako, ezinbestekoa da egungo industria esku hartzea, I+G+Bn diru publikoa zertan eta nola inbertitzen den argituko duten ikuskaritza egitea, ikerketa biosanitarioan pizgarrien sistema eta patenteen sistema ezabatuz.
Osasun publikoa jorratzeko gure moduak birmoldatze sakona behar du, Lehen Mailako Arreta osasunaren prebentzio eta promozio lanetan bultzatuz eta indartuz, gaixotasunaren gizarte-determinatzaileei irmo helaraziz eta sozialki onartutako teknologietan eta tratamenduetan inbertituz, interes pribatuak eta farmazeutiken enpresa etekinak alde batera utziz.
Farmazia patenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu