Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Familia-plangintza

2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Familia-plangintzaren nazioarteko eguna da gaur. Bikote edo pertsona batek hartutako erabaki librea eta arduratsua omen da. Nahi gabeko haurdunaldiak ekidin edo desiratutako haurdunaldiak erraztu eta haurrak noiz izan erabakitzen eta bideratzen duten neurrien multzoa ere ba omen da. Bila aritu arren, ia beti bezala, familia-eredu zurrun samarretara lerratzen dira azalpenak eta adibideak. Badirudi familia bat osatzeko garaian ernaltze eta molde biologikoak duela beti lehentasuna. Mezu subliminalez gainezka dugu garuna; ez da harritzekoa.

Familia bat eraikitzea edo ez eraikitzea norbere esku dagoen aukera bat dela azpimarratzen dute askok. Askatasuna mugatua denean, edo hainbat faktorek baldintzatzen dutenean, askatasuna dela esatea norbere buruari iruzur egitea dela iruditzen zait, ordea. Familia-plangintzaz ari direlarik, haurrak izan edo ez izan erabakitzeaz gain, haur horren zaintza eta hezkuntza nola bideratu barnebiltzen ditu terminoak. Aldiro emakumeak soilik dira aipagai. Testu eta azalpen bakar batean ere ez dut gizonezkoen gurasotasunaren inguruko aipurik topatu. Erditzeaz ari dira aldiro, baina familia bat osatzeko orduan eredu aniztasunaren alde alferrik ari gara aukera eta modu eta osabide ezberdinak aipatzen ez badira. Familia-plangintzaren jardunetan sexu bidezko ugalketa da ardatz nagusia. Modu naturala gizon-emakumeen arteko osamodua eta jardunbidea da guraso izan nahi den kasuetan.

Haurdunaldirik eragin nahi ez den kasuetan, berriz, antisorgailuak dira horretarako bide. Zerrendatzen hasten diren aldiro nabarmena da hor ere nork bizkarreratuko duen arduraren zama. Ama eta zama ez baitira ondo errimatzen duten bi hitz soilik, batzuetan sinonimo izatera ere hel daitezke. Antisorgailu gehienak emakumeen baitan txertatzekoak dira. Neurriak hartzea emakumeari dagokiola sinisten dute gazte eta heldu askok. «Ondo» jokatu ezean «ondorioak» izango ditugun katixima baita jaiotzetik, alua dugula ikusi eta munduaren B aldean kokatu gintuztenetik, garunean eta gorputzean gurutziltzatu digutena. Neurriak eta babesgarriak arriskua duenak hartu behar dituela uste duten ar ixko harroxko gehiegi baitabil alukeriak eragiteko prest. Alukeriak esan dut bai; izan ere, aluak konnotazio ezkorra izatea ere ez baita kasualitatea.

Beraz, askatasunez eta libreki hartzen den erabakirik ez dago, ez behintzat mugarik eta baldintzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.