ZUZENDARIEN GALEUSCA

Familia, negozioak eta alderdia

Maria Obelleiro.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Alberto Nuñez Feijoo Espainiako PPkoen presidente izendatu zuten atzo, Sevillako kongresuan. Galiziako agintaria bere alderdiko hainbat baroiren eta, bereziki, Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusoren babesarekin iritsi da kargu horretara. Hain zuzen ere, Pablo Casadok Ayuso familiaren ustezko ustelkeria kasuak argitzeko egindako saialdiaren ondorioz, Casado bera erori egin zen, eta Feijook, aldiz, gora egin zuen.

Lehenagokoak dira Madrilgo agintariaren anaia Tomas Diaz Ayusoren negozioei buruzko zalantzak; Madrilgo Erkidegoko gobernuak onartu zuen hark etekina atera ziola maskara sanitarioen 1,5 milioiko kontratu bati: 283.000 euroko komisioa jaso zuen. Gero, Madrilgo gobernuaren mendeko organoen hainbat adjudikazio berretsi zituen, hala nola ospitale publikoenak; hainbat material eman zizkien, eta horietako batzuek ez zeukaten zer ikusirik osasunarekin.

Galiziara hedatzen da Ayusoren familiari lotutako enpresen jarduna. Ostiral honetan Nòs Diario egunkariak esklusiban argitara eman duenez, Xuntak 298.265 euroko kontratu bat adjudikatu zion Proyectos Hospitalarios Internacional SA enpresari (Prhoinsa), pandemia bete-betean, 2020ko apirilean, eta ez zuten negoziazio prozesuaren berri eman. Juan Carlos Herrero Casasola da enpresa horren administratzaile bakarra, eta Sismedica SM enpresaren sortzaileetako bat; Isabel Diaz Ayuso Sismedica enpresaren %50en jabe da, Madrilgo Erkidegoko parlamenturako egindako azken ondasun aitorpenean adierazi duenez, eta anaia da enpresa horren administratzaile bakarra.

Casasola, gainera, MC Infortecnica SM enpresaren jabea da, eta Ayusoren amarena da enpresa horren kapitalaren zati bat. Eta, anai-arrebei buruz ari garela, PPk ez ditu argitu nahi izan Galiziako gobernuak Eulen enpresarekin egin berri dituen kontratuak; Galiziako gobernuburuaren arreba Micaela Nuñez Feijoo da enpresa horren ordezkaria estatuko iparraldean. Xuntak konpainia horrekin egindako kontratazioak izugarri igo ziren Feijoo presidentetzara iritsi ondoren. Galiziako agintaria eta Madrilgo presidentea, alderdi bereko kide izateaz gain, bat datoz proiektu ideologikoan eta etikari buruz duten kontzeptuan. Batak zein besteak uste dute familia dela garrantzitsuena. Azken finean, negozioak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.