Aste honetan, hizkuntza aitzakia, hamaika su piztu dira sareetan. Dela Voxeko diputatu baten txioaren haritik ezagutu dugun kanpineko Julen euskaldun elebakarra dela medio, dela Redditeko erabiltzaile batek berpiztu duen Eibarko Txara Azpikua baserriko Jesusen bideo zaharra tarteko, zeinetan baserritarra gaztelania deszifraezinean hizketan agertzen baita Eibarko pleno batean.
Eta, berriz ere, azpiratutako herri baten konplexuak eta ahuldadea nabarmendu zaizkigu. Belaunaldiz belaunaldi transmititu zaigun diglosiak atrofiatutako marko mental hori. Falazia zoroak sinetsarazten dizkiguna. Adibidez, gaztelania jakitea ezinbesteko baldintza zaigula pertsona kultua, pertsona jantzi izateko.
Baina batez ere polemika honek ikusgarri egin duena da gure herrian badirela milaka herritar euskaldun elebakarrak direnak, haurrak gehienak, eta beren oinarrizko eskubideak egunero sistematikoki urratzen direla. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan hiritar oso izateko gaztelania jakin beharra dagoelako nahi eta nahi ez. Euskara ez badakizu, aitzitik, ez da deus ere gertatzen. Hori da normala, eta normaltzat duguna.
Funtsean, egunerokoan kontrakoa simulatzen saiatzen bagara ere, Fiturren stand eder eta koloretsua duen Basque Country hori ez baita herri menperatu bat baino.
Ingelesez bada esaera oso ezagun bat usu erabiltzen dena enpresari eta ekintzaileen artean. Fake it till you make it, dioena. Alegia, faltsutu ezazu egin bitartean. Eta gutxi gorabehera predikatzen duena da, zeozerk funtzionatzen duen plantak egiten badituzu, azkenean, iduriaren iduriaz, egitate bihurtuko dela.
Hamarkadak daramatzagu Euskal Herri demokratiko eta askearen plantak egiten, egunerokoan euskaldun hiritarrak garen itxurak egiten. Baina funtsean ez gara, eta ez dirudi berehala izango garenik. Hobe genuke plantak egiteari utzi eta behingoagatik planto egingo bagenu.