Ariketa polita eta interesgarria da asmatzea beren helburuetan urrutien iritsi diren estaturik gabeko nazioetan zeinek daukan errazen nahia betetzea. Eskozia, Katalunia, Ipar Irlanda... Euskal Herria eta Galizia ez dira zerrenda horretan sartzen, aipatutakoak baino dezente atzerago daudelako. Ariketa hori errazagoa litzateke neurgailu bakarra balego, baina politika zientzia zehatza ez denez, faktore askok eragiten dute. Eskoziak eta Kataluniak independentzia nahi dute, eta Ipar Irlandak estatu bakarra osatzea Hego Irlandarekin batera.
Oraingoz, ematen du 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren ikuspegitik, eta baita prozesuak daukan babes politikoagatik, Ipar Irlandan gertuago daudela helburua lortzetik. Akordioak dio Ipar Irlandako herritarrek erabakiko dutela Erresuma Batuan segitzea edo Hego Irlandarekin bat egitea. Hori da IRAk borroka armatua uztearen truke Sinn Feinek lortu zuen punturik garrantzitsuena eta, horregatik, zailena betetzen.
Iazko maiatzean Ipar Irlandan egin ziren hauteskundeetatik ia urtebete igaro den honetan, DUP alderdi unionista nagusiak blokeatuta dauka gobernuaren osaketa, ez duelako nahi hauteskundeak irabazi zituen Sinn Feinek hartzea lehen ministroaren kargua.
Duela mende laurdena sinatu zen Akordioak dio bi komunitateetako (errepublikanoak eta unionistak) alderdi nagusiekin osatu behar dutela gobernua, baina ez du gaur bizi duten blokeoaren korapiloa askatzeko modurik zehazten. Ondorioz, DUPek nahi adina luza dezake ez aurrera ez atzerako egoera hori.
Blokeo egoera horrek duda handi bat uzten du airean, halako batean irtenbidea aurkitu beharko zaiona. Alegia, ez badago aukera legalik DUPen blokeoa gainditzeko, zer berme dago DUPek ez duela eragotziko Akordioan agertzen den erreferenduma egitea?
DUPek ez du onartuko Akordioa hainbat aldaketaren bidez gaurkotzea, konbentzituta dagoelako aldaketa horiek Sinn Feini egingo diotela mesede. Ez du onartuko, ezta AEBetako presidente Joe Bidenek eskatuta ere.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Ezin gainditu blokeoa Belfasten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu