K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Ezetzaren alde

2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Komuneko paretan itsatsia daukagu Ez manifestua, tazaren aurreko baldosa zurietan, ajatutako orri zahar batean; desagertutako The Balde aldizkarian argitaratu zen, orain urte dexente, baina gutxik bezala adierazten du ezetzaren alde gozo hura: «Ez da ezetzaren apologia bat./ Beno...bai...bada./ Baiezkoak argiak pizten dituenez, ezetzak berarekin dakarren itzala ere nabarmendu nahi dugu./ Duintasuna, ideologia, aldartea edo beste edozein arrazoirengatik, sari bat jasotzeari, erakusketa bat egiteari, disko bat grabatzeari, komiki bat marrazteari, argazki bat ateratzeari, pelikula bat filmatzeari, liburu bat idazteari, elkarrizketa bati, […]/ uko egin diguzuenoi... loria./ Uste denaren aurka, ezetzak baiezkoak bezainbeste eraikitzen duelako».

Ausartu beharko genukeela esaten digute, saiatu, probatu, aldatu, pultsioei segi, eraiki, egin, sortu... eta batzuetan, besterik gabe, ba ez. Norberak ez du beti gogorik izaten, norbera ez da beti gai, norberak sarri ez daki zergatik ez duen nahi ere, baina ez du nahi, eta kitto. Azken finean, egiteak eramango zaitu norabaitera, baina ez egiteak ere bai, eta beste bidea bezain legitimoa izango da hori ere. Bezain gurea.

Ahultasunarengatik izan daiteke, perezarengatik, beldurrarengatik, plazerarengatik, gogorik ezarengatik; eta hala bada, zer? Zarauzko Paperezko kontzertuetan ihia kantua jo baino lehen Anarik esan zuen: «Neu behintzat ez naiz beti ailegatu nire bizitzako lekuetara indartsu izan naizelako, hori erabaki dudalako, baizik eta, igual, ahula izan naizelako, eta beste gauza batzuk ez ditudalako egin; hartzen ez den aukerak ere eramaten zaitu». Eta otutzen zait, hobe dela malgu izatea, zurruna hautsi egiten dela…

Eta sekula izan ez zen maitasun istorio tristeari kantatu zion Ruperrek, Sarrionandiaren letrarekin, Kontserba fabrikaren aurrean abestian; mundu posibleak ukatuko zituen ezetz horri kantatu zion, maitaleen arteko solasaldiarekin: «Baina oroitzekotan, 'hobe idiolirik gabe', esan nion, 'hobe gauzak ahaztutzea', arrain buruak zapaltzen geundela/ [...] Hobe horrela hobe dela pentsatzea [...]/ 'Egundo jaioko ez den gure umeak igerilari tristearen antza zikean', esan zidan kontserba fabrikaren aurrean». Ez esanda amaitu zen mundua da hori, izan zitezkeenak eta izan ez direnak.

Ukatutako, galdutako, ezeztatutako istorio horien aldeko zutabea da hau: sekula idatziko ez den ipuin hori, agur eta ohore; goian bego, zakarrontzian geratu den kanta; gogoan zaituztegu, eman ez diren hitzaldiak; zuekin gaude, galdutako harremanak; saminean lagun, azal izatetik azaleko izatera pasatu zaren gorputz konpartitua; fantasia bilakatu zareten eman gabeko muxuak, maite zaituztegu. Bitartean, hemen nago, Manel talde katalanaren musika entzuten: «Que la vida que ens hem perdur, simplement no existeix» (Galdu dugun bizitza hori, besterik gabe ez da existizen). Eta zutabe hau bera ere ezetzak eraiki eta suntsitu duenari eskainia dago. Izan ez eta izango ez denari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.