Emakume bat bortxatu dute sei gizonezkok. Beste behin ere; oraingoan, Bilbon izan da, eta bertako alkate Juan Mari Aburtok esan du «beldurtuta eta nazkatuta» dagoela halako gertaerekin, «mespretxagarria» dela; gero, «legearen pisu guztia» erasotzaileengan eror dadila desiratu du, «gaizkile horien gainean». Eta entzute hutsarekin pentsatzen dut, beste behin ere, ez duzuela ezer ulertu, punitibismorako deia eginez eta «gaizkile» izendatuz patriarkatuaren seme osasuntsuak. Eskatzen du alkate jaunak «justizia» aplika dadin, iruditzen zaio-eta sei gizonezkoak zigortuz gero arazoaren sistematikoari erantzun liezaiokeela; edo, agian, hori da okerrena, indarkeria matxista zein egiturazkoa den ez duela ikusten. Eta berriz irakurtzen dut, eta soilik pentsatzen dut: gaizki, berriz ere. Ez duzue ezer ulertu.
«Bilbon sobran daude halako jazoera arbuiagarriak; Bilbon sobran daude gaizkile hauek», adierazi du minutu bat eta 28 segundo irauten duen bideoan, eta ezin dut pentsatu besterik egin zenbat esaldi egon daitezkeen gaizki horren denbora laburrean. «Gaizkile» dio, eta gaizkileak besteak dira, ez gureak, ez gure inguruko gizonak; gaizkilea arrotz zaigun hori da, ez kuadrillan duguna, ez gure aita, ez gure anaia, ez gure lagun minak. Besteak. Polizia txalotu du gero, eta «zorionak» esan die, egindako lanaz harro, eta kosta egiten zait pentsatzea inork sinetsi dezakeenik estatuaren indar armatuak direnik ezertarako konponbidea, hala uste dutela dakidan arren. Bost aldiz ikusi dut bideoa, iruditzen zaidalako indarkeria matxistarekiko aurreiritzi guztien bildumatxo bat: indarkeria salbuespentzat hartzea, kasu bakan batzuk balira bezala, eta ez ordenamendu oso baten emaitza. Instituzioen esku hartze zuriarekin amaituko den zerbait dirudi. Zerbait etereoa, gainera, nondik datorren ez dakiguna.
Ez duzue ezer ulertu, «ustezko bortxaketa» esaten duzuenean sistema kapitalista heteropatriarkalaren zimenduak mantentzeko zuen mass-medietan, erregimenaren hedabideetan, eta galdetzen diozuenean eraso baten inguruan parketik pasatzen den edozein herritarri. Zazpi hedabidetan ikusi dut berria, propio, eta, lehen ez nekien, baina orain badakit zer pentsatzen duten erosketak egitetik datorren pertsona batek, korrikalari batek eta erasotzaileak «oso-oso gaiztoak» direla uste duen beste batek. Berriak kontesturik gabe eskaintzen dituzue, begirada feministari izkin eginez, antzuki hutsalak diren hizketaldiekin. Datuak eman zenitzaketen, eta esan askoz ohikoagoa dela etxean bortxatu zaitzaten, askoz ohikoagoa dela ezagun batek bortxatu zaitzan; edo, bestela, aipa zenezaketen eraso egiten duten gehienak bertakoak direla, hemen jaioak eta zuriak. Enfatizatu zenezaketen erasotzaileak gizonezkoak direla, hori dela indarkeria matxistaren ezaugarri komuna. Baina ez. Ez duzue ezer ulertu. Eta okerrena dena, ez duzue ulertu nahi.
EGUZKI EPELEAN
Ez duzue ezer ulertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu