Ez daukat ezkutatzeko ezer

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bistakoa da 2001eko irailaren 11ko atentatuek, eta ondoren izandako erasoek, gauza asko aldatu dituztela eguneroko bizimoduan Ameriketako Estatu Batuetan, eta baita beste herrialdeetan ere.

Hemengo aire eremua zeharkatu behar duten hegazkinetako bidaiari atzerritarrek gobernuaren baimena jaso behar dute horretarako. Aireportuetan kontrolak izugarri zorroztu dira, eskaner berezietatik pasarazten gaituzte hezurrak ere erakusteraino, eta ezin ditugu hainbat gauza hegazkinera igo.

Nabarmena da, New Yorkeko kaleetan adibidez, Poliziaren presentzia. Eraikin nagusi, enpresa, antzoki edo toki publiko askotan daude metal detektagailuak jarrita. Eta bonbak atzematen dituzten zakurrak usainka ere nonahi aurki litezke—izan leku publiko edo pribatu—. Metroan, Poliziak soinean daramazun poltsa mia dezake, lehergailuen bila.

Segurtasun kamerak edozein kale izkinatan aurki litezke, dena ikusi eta grabatuz, 24 orduz. Eta horiei gehitu hemengo eraikuntza eta negozio gehienek kalera eta barrura begira dauzkaten guztiak.

Bistakoa ez zena, eraso terroristen aitzakiaren atzean, hiritarrei egiten ari ziren espioitza zen. Snowden eta Wikiliksek utzi dute Estatu Batuetako gobernuaren estrategia zikina agerian: hiritarren telefono eta posta elektroniko bidezko bilioika komunikazio gorde, eta haiek kontrolpean izatekoa. Etxekoak asko, baina baita etxetik kanpokoak ere. Presidente edo kargudun izan gabe, hiritarron ohe barruraino sartu da Barack Obamaren gobernua urteetan, munduan barrena.

Eskandaluaren ondoren, telefono konpainiek eramaten dute erregistroa, eta inteligentzia zerbitzuek baimena eskatu behar dute datuak eskuratu nahi izatera. Teoria eta legea horiek dira. Horrek, ordea, estatubatuarrei eragiten die. Baina atzerritarrak zelatatzea zilegi den edo ez, hori ez dago hain garbi.

Bizi garen ziber munduan, informazioa da urre berria. Geure eskubidea da zer, noiz, nola eta norekin konpartitu erabakitzea. Ez gobernu edo inteligentzia zerbitzuena, edo enpresena —a ze negozioa enpresen arteko informazio salerosketarena ere. Pribatutasun legeak etenik gabe hausten dituzte ehunka enpresak egunero—.

Bistakoa denaren aurka oso jende gutxik altxatu du ahotsa: segurtasunaren izenean, atentatu gehiago ekiditearen izenean, onartu bezala egiten da polizia kontrola, kameren etenik gabeko grabaketak eta abar. Bat-batean, eguneroko paisaiaren parte bihurtzen dira, eta, gehienetan, norbera konturatu ere ez da egiten beti norbait begira duzula.

Bistakoa ez den horrek hiritarren parte handi baten haserrea eragin badu ere, estatubatuar asko dira oraindik, nazioaren segurtasunaren izenean, askatasun eta eskubide zibilak galtzeko prest daudenak, «ezer ezkutatzeko ez» daukatela argudiatuz. Hori, ordea, ezer esateko izan ez, eta adierazpen askatasuna galtzeko prest egotea litzateke.

Gure eskubide eta askatasunak ezin dira segurtasunaren izenean galdu. Lozorrotik esna gaitezen, eta eskubide horiek ziber zuloan galdu aurretik, fundamentuz, bozgora, ozenago eskatzen hasi berme hori izan dadila erabatekoa. Bestela, gero eta gehiagotan entzungo dugu han eta hemen: «Nik ez daukat ezkutatzeko ezer».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.