martxelo otamendi
Enbaxada bila

Ez da akatsa izan, gehiegikeria baizik

2013ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zuzenbideko aditu ezkertiar batzuek garbi utzi dute egunotan, inork dudarik baldin bazeukan; Parot doktrina deitu den horren atzean bultzada politikoak eragindako erabaki judiziala zegoen. Halako moduko zerbait: «Badakigu ilegala dela, baina igual onartu egingo dute Estrasburgon, eta, onartzen ez badute, gutxienez, dozena erdi urte bana gehiago pasarazi diegu kartzeletan».

Ez du ematen oso argudio justua denik, eta, are gutxiago, aditu horiek erakutsi digutenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko, Goreneko eta Konstituzionaleko magistratu askok —denek ez— hartutako erabakiaren atzean pentsamendu urratzaile hori baldin bazegoen.

Beraz, ondorioztatu beharko genuke Parot doktrinarekin gertatu dena ez dela akats bat izan, ez da froga bat gaizki baloratu izanaren ondoriozko akatsa; nahita egindako gehiegikeria baizik, biktima sortzailea biktima bihurtuz.

Ulergarria izan liteke argudio hori biktimen aho eta pentsamenduetan, minak hartzen dituen bideak oso pertsonalak direlako; baina ez haien jardun hiztegian mendeku hitza aspaldi erauzita eduki beharko zuketenen kasuan.

Deigarria izan da ikustea nola azken bi urteotan, ETAk borroka armatua utziko zuela iragarri zuenetik, Madrilgo eta Parisko gobernuek ez duten ezer aurreratu nahi izan espetxe politikan. Ezta urratsik txikiena ere. Eta, are deigarriago, ikustea, presoen lehenengo kaleratze handia ez dela etorri prozesu hizketatu baten barruko akordioen ondorioz. Ez, nazioarteko erakunde batek behartu du Espainiako justizia Parot doktrina indargabetzera.

Jakina zen, Zapatero urratzeko helburuarekin nahi zuten guztia eman dien PPk orain arazoak dauzka ETAren biktimen elkarte batzuekin. Aurreikusita zegoen, neurrigabe elikatu, espektatiba handia eta gogorrak agindu. Orain, lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.