Askotan ez gara oso abilak izaten egiten ditugun ebaluazioen gainean eta komunikazioa lantzeko orduan, ez eta egitasmoak hurrengo urratsera jarraikortasunez helmugara iritsi arte eramaten ere. Uste dut euskararen normalizazio prozesuak horretatik ere baduela zerbait.
D ereduak ez duela guztiz euskalduntzen, gazteek ez dutela euskara erabiltzen, euskara ezagutu bai baina gero beste hizkuntzetan mintzatzen garela, edo... Asko dira ditugun kezkak, baina honetan, gainerako alorretan bezalaxe, sena eta pilatutako jakintza erabiltzeko beldurrik ez genuke izan behar; orain artean urratutako ibilbidea izan da zailena, ez dezagun atzera itzulia egin helmugatik abiapuntutik baino gertuago gauden honetan, kemena falta dugulako, zalantzati gabiltzalako, beldurrak airean edo nekatuta.
Halakoetan, argigarri zaidan irudia ekarri ohi dut gogora: korrika egiteko zinta duten tramankulu horietako batean nabil/gabiltza; batzuetan abesten eta besteetan arnasestuka, baina sekula ere ez geldirik. Halako batean, esaten diot neure buruari: «Aski, kitto! Zergatik jarraitu behar dut nik etenik gabeko jardun honetan, besteak etzanda lasai asko dauden bitartean? Nik ere atsedena hartuko dut». Zintaren gainean nagoela, gelditu eta urratsik egin gabe, ustez nahikoa ibili naizelakoan zer... eta horra ni hankaz gora! Ni bai gelditu, baina zinta ez, etengabeko joanean dabil eta...
Antzera gertatzen zaigula iruditzen zait euskaldunoi; ezin dugu etsi, ezin dugu gelditu, ezin dugu pentsatu lortua dugula eta berez transmititu eta erabiliko dela.
Irakaskuntzan ahalegin handia egin da, baina irakaskuntzak berak desegiten du berak eraikitakoa, ez badu ikuspegi osoa eta iraunkorra hartzen.
Eustatek eskainitako aurtengo datuak aztertuz, ikus genezake populazioaren hiru laurdena baino gehiago D ereduan eskolatzen dugula (aztertu beharko genuke zergatik ez %100; izan ere, dagoeneko ez dugu nahikoa irakaslego prestaturik ez dagoen aitzakia, errealitatea zena prozesuari hasiera eman zitzaionean). Haur hezkuntzan egin den inbertsioari jarraipena eman beharrean, lehen hezkuntzan pixka bat behera egiten du D ereduan eskolatutako kopuruak; are gehiago DBHn eta Batxilerrean. Eskandalagarria da hezkuntza bereziari erreparatzen badiogu ikusten duguna, edo lanbide heziketari, eta zer esanik ez helduen hezkuntzari.
Jakin badakigu eskolak bakarrik ezin duela jendartean ezagutza eta erabilera normalizatu. Hezkuntza sisteman horrelakoak egiten baditugu, zer esparru ez-formalean? Akademiak, musika eskolak, kiroldegiak, kirol-taldeak eta abar.
Eta amarauna, sare sozialak, bideojolasak...
Unibertsitatea ere ezin aipatu gabe utzi: eskolak, tesiak, ikerketak... terminologia zientifikoa, sorkuntza, transmisioa... Goren mailako sortzaile euskaldunak euskaraz sortu eta argitaratzea bultzatu beharrean, curriculum, akreditazio eta ibilbide akademikoaren balorazioan ingelesa eta nazioarteko inpaktua neurtzen den hizkuntzan baloratuaz, euskal goi-mailako sorkuntza mimatu beharrean ingelesez edo gainerako hizkuntza nagusietan ikertu eta argitaratzera bultzatzen duena (ez al litzateke hobea tesiak, ikerketak, artikuluak euskaraz sortzea, herriaren jakintza, zientzia, akademia, diskurtsoa, ezagutza, hiztegia, identitatea... Eta hori guztia nazioarte mailan ezagutarazteko bideak jartzea? Ez al litzateke hori euskara eta euskal jakintza sustatzea? Jaso, jasotzen dugulako beste hizkuntzetatik, baina eman ere eman behar dugulako gurean eta guretik.
Egia da metodologiak hobetu daitezkeela, egia da ereduek ez dutela toki guztietan berdin euskalduntzen, egia da erabilerak ez duela ezagutzaren proportzioan aurrera egiten, baina horren guztiaren erantzuna ez dago soilik hiztunaren borondatearen baitan. Ez dezagun ostrukarena egin, beha dezagun errealitatea, planifika eta ebalua dezagun legealdi batetik harago eta herrigintzan jardun gaitezen, ez alderdikerian, udaberrian gaude eta.
Euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu